Iñaki Gilisasti Fano: 'non.eus webgunea aurkeztu dogu'

Koldo Isusi Zuazo 2024-05-20 07:55   Barriketan

non.eus webgunea aurkeztu barri dau Iñaki Gilisasti Fanok, Uribe Kostako berba altxorra batzen dauena, eta berba eta adibide asko entzuteko aukerea emoten deuskuna. Uribe Kostako berbakereak arkaismo ugari gorde ditu, horreen artean azentuerea da interesgarrienetakoa, Bizkaiko beste eskualde batzuetan bezela, berba gehienak azentubakoak dira, berez, berbakera honetan eta doinuera berezia dabe. 

Orain 25 urte Urduliz aldeko Berba Lapikokoa izeneko liburua plazaratu eban eta agortu ostean, bigarren argitalpena Urduliz aldeko Berba Lapikokoa ​interneten dago, Léxico del euskera de Uribe Kosta azpititulua erantsita..

Gure hamaika udalerrietako berbakerea ipini ditu Iñaki Gilisastik entzungai 20.000 sarreradun biltegian.


1.- Urdulizen egin dozu oraintsu non.eus webgunearen aurkezpena. Zelakoa izan da herritarren jarrerea? 

Pozik nago. Txiki zein handi, jente piloa hurreratu zan eta helduak izan ziran nagusi Uribe Kostakoak gehienak, Urdulizekoak eta inguruetakoak, gazteak be bai baina helduak gehiago gazteak baino, euskal giro polita dago gurean eta pozgarria da arlo honetan gabizanontzako.

2.- Uribe Kostako berba eta esalegeen altxorra batu dozu aitatu webgunera, baita soinu artxiboak be, atalka edo eranskinetan sailkatuta, besteak beste, Kasutegia, Erakusleak, Esalegeak eta Aditza. Sekulako lana. Zelan bideratu dozu prozesua?

Orain 25 urte argitaratu neban Urduliz aldeko berba lapikokoa eta asmoa zan Urduliz eta inguruetako euskerea ezagutzera emon, neure euskera zabaldu; inguru honetan neuk jasotakoak baino berba gehiago dagoz, etxerik etxe ibilita jaubetzen zara eta, esangura horretan, 13.500 jaso ditut. Aitatu liburura batu ondoren be iblili gara beharrean, soinu arxtiboak eta online nabarmentzen, 500 sarrera gehiago sartu doguz. Esaldiak eta itzulpenak be ez doguz ahaztu, 7.500 esalege, hain zuzen be.

Prozesuari jagokonean, excel taulatan sartzen ibili naz eta online plataforma sortzea be ez da lan makala izan. Konsultak egin daitekez berbak edo esalegeak zehaztuta baina Eranskinak txatalera batutakoak gogoan hartzea komenidu da.


3.- Herritarrakaz be makinatxu bat alkarrizketa egingo zenduzan...

Etxekoaren hustuketea egin dot. Etxe danatan altxorrak topetan dozuz eta hori sano interesgarria da. Urdulizeko euskera taldeak be sekulako lana egin dau eta ez daigun ahaztu Santa Mariñe aldizkaria;  herritarrakaz be makinatxu bat berbaldi egin izan dodaz, apurka-apurka herririk herri ibili naz eta ezustekoak be izan dodaz. Lemoiztik Getxora, Jatabe-Laukiz, Gatika eta Urduliz inguruetan grabazinoak be egin dodaz eta pozarren nago.

4.- Laguntzaileak eta babesleak ezin ahaztu, besteak beste, Iñaki Gaminde, Urdulizeko Euskera Taldea, Miren Dobaran eta José Ignacio Hualde. Zelakoa izan da bakotxaren ekarpena?

Ezin ahaztu. Aurkezpenean esan nebanez, urte batzuetan Urdulizen euskera taldeak atondutako ikastaroak erabagiorrak izan ziran, Iñaki Gaminde euskerearen ikertzaile eta sustatzaileak be lan handia egin dau eta Miren Dobaran Urrutia berangoztar irakasle, politikari eta euskaltzale amorratua, Berba lapikokoa liburuak erakundeen aldetik behar eban bultzadaz jaubetuta, lana bideratzen lagundu euskulako.

Eskerrak baita asmo honetan bidelagun dogun Urdulizko Udalari, molde digital honen garapena finantzietan dauelako. Eta Itziar Iratzagorria Iturriaga Urdulizko alkateari beti dagoalako emakumeen eta euskerearen alde.

José Ignacio Hualde hizkuntzalariaren hitzaurrea be goraipatzekoa da, Euskaltzaindiako kidea, ahoskera eta azentuen ikerkuntzan puntako aditua.

Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa be nahitaezkoa izan da honeek lanok egiteko

Etxekoak eta herritarrek be upealako lana egin dabe eta 
horreek barik ni ez nintzan sartuko saltsa honetan.


5.-  Bizkaitarrontzat ala norentzako da aproposa eta baliogarria non.eus?

Hiztegi digital hau tresna bikain eta ezin egokiagoa da Uribe Kostako berbakerearen doinuaz eta ezaugarri prosodikoez jaubetzeko, euskal berbakeratan interesatuta dagoan edozeinentzat eta, jakina, hizkuntzalarientzat da ona.

Mendebaldeko euskalkia eta azpieuskalkiak erabilten doguzanontzako oso aproposa da baina baita euskal filologo zein itzultzaileentzako be.  

6.- non.eus webgunearen erabilereari jagokonez, kokatu gaitezan, sartu eta Berbak, Esaldiak, Sarrera eta Eranskinak agertuko jakuz. Eranskinak izeneko horretan dozena bat txatal dagoz. Bakotxean sartu eta informazinoak jan egiten zaitu. Azentu-tono sailkapenaren arloan 174 orrialdeko txostena batu dozu. Zeozerk harritu zaitu? 

Azentuaren bidez esangurak aldatu egiten doguz, berbon musikalidadeagaz olgetea be oso ederra da eta betiko adibidea gogoratu daigun: gizonak esan dau (singularrean)/gizonak etorri dira (pluralean). 

Edozelan be, tonalak, paroxitonoak, melodikoak eta berben amaierako silabak nabarmenduko neukez;  tonalari jagokonez, bigarren silaban igoten da talde fonikoaren hasieran; osterantzean, tonu lauari eusten deutso, marka bakoa dalako. Paroxitonoak eta melodikoak silaba markatu propioari eusten deutse beti. Paroxitono luzeek, tonalen hasiera moldea dabe. Melodikoak, silaba markatua hirugarrenean edo aurreragoko silaban dabenean, silaba markatu honetaraino tonalen moldea izan arren, azken silabara arteko bajau eta igoteko doinu bereizgarriagaitik nabarmentzen dira. Berben amaierako silabea, batzen jakon morfemearen azentu arauetara moldatzen da (adibidez, plurala egiteko, berba paroxitono eginez) baita perpausearen fokuak zein akaberak eragiten deutsozan mikrotonuetarara eta etenduretara be.

Ganerakoan, Eranskinak izeneko horretan dozena bat txatal dagoz eta aukera zabala dauka erabiltzaileak berbak, esalegeak, kasutegia zein aditzaren gorabeherak aztertzeko.  

7.- non.eus horretan orberak ekarpenak egin leikez?

Bai. Kontaktua txatalean agiri dan eposta erabili (non@ni.eus) eta gustora hartuko doguz ekarpen, gogoeta eta zuzenketa guztiak. Herritarrei esker hau lanau asko hobetu geinke eta, beraz, ez izan bildurrik.  

8.- Mendebaldeko euskalkiaren barruan, azpieuskalkiak dagoz eta etxetik etxera be aldeak egoten dira.  Burrukan hastea ez da komenidu baina euskera batua eta euskalkiak ez ete dira alkarren osogarri?

Bai. Mundu bi dira, alkarren osogarri. Idatzizkoa eta ahozkoa bereiztuko neukez eta etxean jasoten doguna, hori da euskalkia, arautzeko ahaleginak eta egin badira be, asko falta da normalizazinorako; alfabetatzea aurrrago dator. Euskera batua eskolan jasoten dabe umeek baina etxekoa, musikaduna, bihotzetik datorrena ahaztutea pekatua da.

Datu lez baino ez bada be, munduko hizkuntza danak gogoan hartuta, askotan, % 50 inguruan ez da idazten baina bizirik dagoz. Oinarrizkoa erabilerea da.

 

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu