Roberto Sáenz de Gorbea bildumearen dohaintzea jaso dau Bilboko Arte Ederren Museoak

Bizkaie! 2024-05-13 13:52   Kulturea

Windsor Kulturgintza galeria historikoan osotutako bildumea.

Roberto Sáenz de Gorbea bildumazale eta galeristeak artelan-multzoa emon deutso dohaintzan Bilboko Arte Ederren Museoari. Bilboko Windsor Kulturgintza galeria historikoak osotutako bildumatik dator dohaintzea. Roberto Sáenz de Gorbearen aitak sortu eban, 1971n, eta ia mende erdiz Euskal Herriko arte-panoramako protagonista nabarmena izan zan galeria hori. Roberto, galeriako arte-zuzendaria izan zan 1981etik 2017ra arte.

Dohaintzea berrehun margolan, eskultura eta papel gaineko obren funts handi batek osotzen dabe, ehun eta berrogeita hamar bat artista inguruk sortuak. Horrezaz gan, galeriak jarduera bizia izan eban bost hamarkadetan sortutako dokumental baliotsua be dohaintzearen parte da. Balio historiografiko handiko material horreek, Museoko Liburutegiaren eta Artxiboaren parte bihurtuko dira.

Dohaintzea

Gerraosteko euskal eskulturan dauen berezitasunagaitik, Ramón Carreraren obra-multzoa nabarmentzen da. Emen taldeko kide izan zan, Windsorren egin eban lehen erakusketea, 1981ean, eta galeriarako erreferentziazko artista izan zan. Haren belaunaldi berekoa da Pedro Manterola, margolari, irakasle eta Oteiza Fundazinoko zuzendari ohia. Lanen artean, laurogeiko hamarkadan euskal eskulturak izandako protagonismoa nabarmentzen daben pieza garrantzitsuak be badagoz, José Ramón Sáinz Morquillas belaunaldien arteko lotura dala. Baina galeriarentzat garrantzi berezia dauen personea, Iñaki de la Fuente margolaria da.

Txomin Badiolak, 1982an, 1984an eta 1985ean egin zituan erakusketak galerian. Pello Irazuk, barriz, 1985ean egin eban erakusketea, baina, horrezaz gan, badira urte horreetako pinturearen adibide garrantzitsu batzuk be, esaterako: Juan Luis Goenaga, Alfonso Gortázar, Daniel Tamayo, Dario Urzay eta Alberto Rementería.

Francisco Ruiz de Infante, Alberto Oyarzabal, Alberto Peral, Paco Polán, Luis Candaudap, Edu López, José Ramón Amondarain, Manu Muniategi, Jon Mikel Euba, Pablo Milicua eta Juan Ugalde be presente dagoz bilduman. 1990eko hamarkadearen hasierean euskal eszena artistikoan sartu ziran, bakarkako erakusketak be eginez. Roberto Sáenz de Gorbeak eta Windsorrek Estaduko beste galeriakaz ezarritako hartu-emon eta laguntzino sarearen lekukotza dira Alfonso Albacete, Nacho Criado, Antón Lamazares, Curro González, Javier Valdeón eta Concha Jerezen lanak, horreek be dohaintzearen parte.

Estaduko artearen mundura sartzen joan ziran emakume gero eta ugariagoen lana bikain ordezkatuta dago hainbat artistaren piezen dohaintzeagaz, esaterako: Juana Cima, Clara Gangutia, Begoña Goienetxea, Carmen Isasi, María José Lacadena, Menchu Lamas, Iratxe Larrea, Carmen Olabarri, Merche Olabe, Leyre Ormaetxe, Mertxe Périz, Sonia Rueda, Dora Salazar eta Rita Sixto.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu