Euskerearen Historia Sozialaren (EHS) inguruko erreferentzia bibliografikoen datu-basea barritu eta eguneratu dabe
2024-05-13 07:45 Euskerea berbagaiEuskaltzaindiak HABEren lankidetzeari esker egin dau.
2011n argitaratutako Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak izeneko liburuaren inguruan eratu zan datu-basea, beti be jakite-eremu horretarako (hau da, euskerearen historia soziala) baliabide argitaratuen ezagutzea zabaltzeko asmoagaz. Euskaltzaindiaren webgunean konsultau daiteke (Hizkuntza-baliabideak sailean) eta konsultak errazteko hiru modu emoten ditu: egilearen arabera (2.571 autore), gako-berbak erabiliz edo ikerlanaren izenburua jarriz (5.399 izenburu).
Orain, HABE Liburutegiaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzeari esker, Euskerearen Historia Sozialaren inguruko erreferentzia bibliografikoen datu-base hau eten barik eguneratzen eta elikatzen da: atariaren lehen bersinoak 5.032 erreferentzia zituan eta oraingoak 5.399, HABE Liburutegiak emondako 367 erreferentzia gehitu jakozala, argitu dau Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariak. Urkiak gaineratu dau euskerearen historia soziala interesetan jakojn edonorentzat dala baliogarria datu-basea, batez be, gure hizkuntzearen historia soziala aztertzen daben ikertzaileentzat.
Beste alde atetik, Jokin Azkue HABEko zuzendariak erakundeen arteko alkarlanaren garrantzia azpimarratu dau: begi-bistakoa da euskalgintzan alkarlana ezinbestekoa dala sinergiei probetxua atarateko eta bereziki erakunde publiko eta administrazino publikoen arteko alkarlana. Euskaltzaindia eta HABEren arteko hitzarmenaren barruan landu da egitasmo hau, hain zuzen, HABE Liburutegiaren eskutik. Hitzarmen horrek bideratzen dau liburu funtsak trukatzea, ikerketak sustatzeko eta bertako ikertzaileei HABEren Liburutegia erabilteko aukera zuzena emoteko”.
Zer da Euskerearen Historia Soziala (EHS) egitasmoa? Euskaltzaindiaren iker-lerroetako bat da. Hizkuntzen historia sozialaren helburua da historian zehar gizartean hizkuntzek izan daben erabileera eta tokia aztertzea. Beraz, EHSren helburu nagusia da euskereak joandako denporetan izandako espacio soziala aztertzea. Holan, zelan iraun dauen jakinik, zein testuinguru sozialean eta ekonomikoan, etorkizuneko hizkuntza-plangintzak finkatzeko ezinbesteko informazioa izango dogu. Azken finean, EHSren asmo nagusia da euskerearen 1980ra arteko historia soziala idaztea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!