'Mujeres con ciencia' blogak hamar urte bete ditu

Bizkaie! 2024-05-10 08:16   Kulturea

Marta Macho-Stadler da koordinadorea, matematikan doktorea eta EHUko irakaslea.

Marta Macho-Stadler. | Ikusi handiago | Argazki originala

Mujeres con ciencia-k hamar urte bete ditu. Denpora tarte horretan, artikulu bana eta zenbait efemeride argitaratu ditu egunero. Horrezaz gan, hainbat alkarrizketa, emakumeak zientzian egindako ekarpenagaz lotutako erreferentziak eta ekimenen inguruko informazinoa eskaini ditu. Lan horrek ahalbidetu dau emakume zientzialarien lana nabarmentzea, estereotipoen kontra egitea eta zientziaren jardunean ereduak eskaintzea.

Hain zuzen be, Marta Macho-Stadler proiektuaren editore eta koordinatzaileak azpimarratu dau justizia kontua dala emakume horreek zientziari egindako ekarpena ezagutarazotea, izan be, erreferente ugari, garrantzitsuak eta gertukoak doguz. Horreen lan egiteko moduak erakusten deusku zientzia jorratzeko benetako bidea: lan asko eginda, zorroztasunagaz eta askoren arteko alkarlanagaz.

5000 argitalpen baino gehiago eta miloeka bisita

Azken hamar urteetan Mujeres con ciencia blogak 3.500 artikulu eta 1.500 efemeride baino gehiago argitaratu ditu. Guztira, 5.000 pieza informatibo baino gehiago kaleratu dira emakumeek zientzian egindako ekarpena ezagutzera emote.

2023ra arte ia 11.870.000 persona sartu dira blogera eta ia 25.830.000 orrialde baino gehiago konsumidu ditue. Kopuru horreek erakusten dabe Mujeres con ciencia jarraikako hazkundea izan dauen erreferentziako proiektua dala.

Proiektuak hainbat sari jaso ditu azkeneko urteetan. Azkena Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik jasotako Zirgari Saria izan da. Horrezaz gan, Euskal Herriko Unibersidadearen Argitalpen Zerbitzuak interes zientifikoa dauen webgunetzat hartu eta sailkatu dau blogaren edukien zehaztasun eta kalidadeagaitik.

Mujeres con ciencia Euskal Herriko Unibersidadeko Kultura Zientifikoko Katedrearen proiektua da. Ganera, zientzia-dibulgazinorako Zientzia Kaiera, Cuaderno de Cultura Científica eta Mapping Ignorance proiektuak ditue martxan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu