Mikel Gomez: 'Ohore handia da S.A. taldearen parte izatea'

Andoni Mugica Lopez 2024-05-13 08:00   Barriketan

Soziedad Alkoholika talde gasteiztarrak taldekide barria iragarri dau, Mikel Gomez bergararra hain zuzen be.

Bizitza osoan zehar musikeari lotuta egon dan gaztea, goi-mailako taldearen bateria. Childrain eta Lampr3a lako taldeetatik pasau ostean, gogoz dagoala aitatu deusku etapa barriari ekiteko.

Horrezaz gan, zazpi urte eta gero, S.A. taldeak Confrotación estudioko hamargarren diskoa kaleratu barri dau (Maiatzaren 10ean). Jimmy SAk produziduta eta Haritz Harreguyk nahastauta. Diseinu grafikoari jagokonez, Nestor Urdanpilleta artistea izan da arduraduna.

Beraz, bete-betean sartu da talde beteranoan.

 

1.- Zorionak Mikel, Soziedad Alkoholika taldearen bateria barria zara. Zer moduz? Zelakoa izan da prosesua?

Eskerrik asko. Oso pozik nago. Benetan miresten dodazan musikariak dira. Orain dala urte asko ezagutzen dodaz eta euren alboan jotea ohore handia da neuretzat. Ganera, taldearen zuzenekoak beti izaten ohi dira handiak, kondizino onekoak eta jarraitzaileez beteta.

Egia da, prozesua gogorra eta aldi berean, oso azkarra izan dala; izan be, abestiak eta taldearen zuzenekoen erritmoa ikasteko hilabete motz bat izan dot.

2.- Taldekide barria izan arren, duela urte askotatik ezagutzen dozuz, talde teknikoko kide izan baitzara. Orain, gauzak aldatuko dira ala bardin jarraituko dozue lanean?

Bai, orain dala hamar urte ezagutzen dodaz. Halanda ze, urte horrek pipa lez egin dot lan taldearentzat, zehatz esateko, bateriako tekniko bezela: hau da, muntaketea eta dana ondo doala ziurtatzen.

Orain bateria naz eta aldaketea sekulakoa izan da. Bateria baino ez dot joten eta neure aurreko postuan beste persona batzuk dagoz. Beraz, neure oraingo lan bakarra bateria jotea da [Barreak]. Geure artean erlazino estua dagoanez, aspektu kreatibo eta teknikoetan inpliketan naz.

3.- Bateria ofizial bezela, zelakoak izan dira lehenengo kontzertuak? Zorrotzako Gaztetxean, ViñaRock-en...

Oso ondo joan dira. Kontzertu biek, neure espektatibak gainditu ditue, itzelak izan dira eta dana primeran joan da.

Probak egiteko denpora gitxi izan dodanez, zuzenekoak ziran bildur gehien emoten eustiena. Hasieratik, neure helburua izan da seguru sentidutea. Suertez eta hilebete buru-belarri probetan egon ostean, lortu dot helburua eta oso gustura amaitu dodaz kontzertu biak. Asko disfrutetan.

4.- Hori gitxi balitz, Confrotación diskoa aurkeztu dozue maiatzearen 10ean...

Bai, aurreko barikuan. Penaz, baina ez neban izan aukerarik Confrotación diskoaren grabazino prosezuan parte hartzeko. Ez dago besterik, ez da ezer pasetan, gauzak filosofiaz hartu behar dira. Taldearen hurrengo diskoan seguru hor egongo nazela.

Hori bai, diskoa asko gustetan jat eta gogoz nago zuzenean jarraitzaileei erakusteko; oso kañeroak eta joteko dibertigarriak dira. Danak animetan dodaz entzutera.

5.- S.A. taldeagaz gan, beste talde batzuetan be joten dozu; esaterako, Lampr3a eta Childrain. Posible da buztarketa hori? Agenda benetan estua dozu...

Bai. Gaur egun Lampr3a taldeagaz aktibo jarraitzen dot. Suertez, ez dira kontzertu asko emoten dituenak; S.A.-n, gitxi gorabehera, 20-30 kontzertu urtean: eta Lambr3a taldean, barriz, kontzertu solteak emoten doguz, asko jota hamar urtean. Hori bai, orain dala hilabete gitxi, europatik egin genduan biran, 28 kontzertu emon genduzan 90 egunetan.

Beraz, ez dot ikusten arazorik biak buztartzeko.

6.- Zelan ikusten dozu metal musikearen egungo panoramea Euskadin? Ez dagoz holako musikea entzuteko toki askorik...

Bai, halan da, makal xamar dago. Baina ez bakarrik Euskadin, baita estadu mailan be.

Ulertzen dot mundu guztiari gustetan ez jakon musika estiloa dala. Kasu askotan, gehiago da aurreretxia, izan be, behin etzutean, askok gustuko dabe. Geurea ez danaren aurrean bildurrak eta erreparioaik izaten dirala esango neuke.

Ganera, egia da, egungo panoraman ez dagozala joteko edo entzuteko metal estiloko tabernarik. Aretoak, barriz, badagoz eta kontzertuetara jente asko joaten da. Baina Euskadi ez da merkatu onena metal estilorako.

7.- Posible da metal estilotik bizitea Euskadin?

Argi eta garbi, ez. Oso gatxa da. Baita estadu mailan, europan edo mun du mailan be. Gaur egun, egoera makalean gagoz, izan be, oso gatxa da kanpora urtetea; gastu asko dira eta normalean, ez dozu askorik irabazten.

Beraz, benetan gatxa da metal musikatik bizitea. Estaduan talde oso gitxi dagoz, hortik bizi diranak.

8.- Soziedad Alkoholikako Juan Aceñak, alkarrizketa batzuetan adierazo dauanez, talde batzuek pijoentzako zirku moduko bat bihurtu ditue euren kontzertuak. Leitekeana da gaur egungo taldeak musikan baino pantailetan, argietan, sare sozialetan... zentrauta egotea?

Neure ustetan Juanek esan nahi dauena da gaur egun merkatuan gero eta produktu gehiago saltzen dituela, Sarrera VIPak (neurribako prezioetan), entseguak ikusteko sarrerak, taldea ezagutzekoak... Bat egiten dot pentsaera horregaz; emoten dau danagaitik eta edozegaitik dirua atara behar dala.

Gero, esaten dan postureoaren inguruan, zer esanik ez; sarrera garestienak erosi bertan zagozela publiketako. Kontzertua, askotan, bigarren mailan jarriz.

9.- Jarraitzaileentzat mezu berezirik?

Benetan eskerrak emotea, onartua sentiduten naz. Dana emongo dot jarraitzaileek S.A. behar dan legez entzun deien.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu