Udalerri Euskaldunen Eguna Lesakan

Bizkaie! 2024-05-09 08:57   Euskerea berbagai

Zubiak zeharka goiburupean batuko dira maiatzaren 18an.

Urte birik behin izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, udalerri euskaldunen ekarpena jai giroan ikusarazoteko eta aurrera begira dituen erronkak nabarmentzeko. UEMAko kide diran udalerriek ez eze, gainerako udalerri euskaldunek be parte hartzen dabe. Lesakako Udala eta UEMA elkarlanean hasi ziren eguna antolatzen, eta berehala elkartu zitzaizkien Lesakako hainbat talde eta alkarte. Guztien artean egitarau oparoa atondu dabe.

Martin Aramendi UEMAko jentaurreko agerraldian nabarmendu dauenez, maiatzaren 18koa udalerri euskaldun guztien eguna da, ez UEMAko kide diranena bakarrik; aspaldi erabagi zan egun hau udalerri euskaldun guztion topagune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak. Biztanleen % 70etik gora euskalduna dabenak. Askotan nabarmendu dogu baina maiatzaren 18an, Lesakan, jai giroan gogoratuko dogu: udalerri euskaldunek egundoko ekarpena egiten deutse euskerearen normalizazinoari eta, oro har, Euskal Herriari, gure herriaren orube nagusiak dira, eta ez dira berba hutsak. Aurtengo goiburua be Zubiak zeharka be esanguratsua da, zubiek orube sendoak behar ditue, alde batekoak eta bestekoak alkartzeko balio dabe, auzolanean eregi izan dira mendeetan zehar eta harri bakotxak dau garrantzia. Danokbat eginda sortzen da zubia, auzolanean, holan gainditzen baitira oztopoak. Hemen, Lesakan, badakizue zeozer zubiei buruz, eta irudi ederra da euskerea eta udalerri euskaldunak zer diran islatzeko be. Udalerri Euskaldunen Eguna bera be zubia da, UEMA bezela: hanka bat euskalgintzan eta bestea erakunde publikoetan dogu eta biak buztartuta gabiz lanean, auzolanean, zubigintzan.

Martin Aramendik eskerrak emon deutsee lesakarrei hasieratik erakutsitako jarrereagaitik eta eguna aurrera atarateko azken hilebeteotan egindako lan guztiagaitik: Lesakako Udalari egun hau alkarlanean atontzeko eskua luzatu geuntsenetik, ezin hobeto erantzun dau herriak eta bileraz bilera herriko hainbat alkarte eta eragile buru-belarri ibili da. Beraz, Lesakako Udalari eta Lesakako alkarteei eta eragileei, bene-benetan, eskerrik asko.

Ekimen herrikoia

Lesakako euskara zinegotzi Eneko Fernandezek nabarmendu dauenez, Lesaka udalerri euskalduna da, eta harro gagoz lesakarren izakerearen eta nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa euskerea izateaz, euskaldunak izateaz eta horregaitik, pozgarria da Udalerri Euskaldunen Eguna herrian izatea. Ilusinoz ibili gara lanean azken asteotan eta maiatzaren 18an ilusio horretara batzeko deialdia egin nahi deutsegu herriko, Bortzirietako eta Euskal Herri osoko euskaldun guztiei. Hasieratik argi izan dogu honek ezin ebala izan UEMAren eta Udalaren arteko kontua bakarrik, ekimen herrikoia baino. Herriko alkarte eta eragileei dei egin deutsegu alkarlanean eguna atontzeko eta bikain erantzun dabe. Lanean ibili diran herriko alkarte eta norbanako guztiak nabarmendu ditu, eskerrak emonez. Amaitzeko, maiatzaren 18an Lesakara joateko gonbidapena egin dau: euskaldun guztiak gonbidatuta zagoze. Egitarau ederra atondu dogu maiatzaren 18rako eta, beraz, Lesakan esku zabalik hartuko zaituegu.

Antolakuntza batzordean parte hartu daben Lesakako talde eta alkarteen izenean, barriz, Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mobimentuko kide dan Aitor Irazokik zehaztu ditu egitarauko gorabehera guztiak:

09:45 Dianea. Soinulariak eta txistulariak, Harriondoatik.
10:00 · UEMAren batzar nagusia.
· Euskara taldeen topaketea: Euskerearen olatu barria sortzeko gakoak.
· Umeentzako herri kirolak.
12:30 Ekitaldia, plazan.
13:15 Fanfarrea, Lesakako Musika Eskolako ikasleakaz.
14:30 Bazkaria, Bidenabar taldeak girotuta.
18:00 Bertso-triki poteoa, Maddi Ane Txoperena eta Josu Sanjurjoga.
20:00 Larrain jantza herrikoia, Leskakao gaiteroakaz.
20:45 Erromeria, Trikidantz taldeagaz.
23:30 Dj festa: Fifi & Fefa.

Bazkarirako txartelak aldez aurretik eskatu behar dira, beranduenera maiatzaren 14rako. Horretarako, nahikoa da galdetegi hau betetea eta eskuratu nahi dan txartel kopurua zehaztea. Ganerakoan, Lesakan eta Bortzirietako zenbait lekutan be eskuratu daitekez. Hemen leku horreei eta bazkariari buruzko informazino zehatzagoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu