59. JazzEñe, bagilaren 24tik 27ra

Bizkaie! 2024-05-08 13:36   Musikea

Aurkeztutako 249 proiektuen artean hautatu ditu batzorde profesional batek zortzi talde.

Erretratua:© Juantxo Egaña / SGAE Fundazinoa | Ikusi handiago | Argazki originala



Aurten joko daben taldeak dira Trinidad Jiménez, Roberto Nieva 4tet, Mariola Membrives, R.S. Basque Faktor, David Sancho, Juan Saiz, Marcelo Scrich Silent Quartet eta Martin Leiton Quartet.

Ezkerretik eskumara, gaurko agerraldian Donostian, Rubén Salvador, R.S. Basque Factorreko taldekidea; SGAE Euskadiko presidentea, Garbitxu; Jazzaldiko zuzendaria, Miguel Martin; Javier Estrella, JazzEñeko zuzendaria; eta Satxa Soriazu (R.S. Basque Faktor).

SGAE Fundazioak laugarren urtez jarraian programau dau JazzEñe Donostian, 59. Jazzaldiko Estadu mailako jazz taldeen erakusleihoa. Hamargarren JazzEñe da aurtengoa eta bere izakereari eutsiz, eskarmentu handiko eta lehenengo urratsak emoten dabizen taldeak oholtzaratuko dira, zortzi kontzertu, garagarrilaren 24tik 27ra eguerdiko 12:30etik aurrera, Victoria Eugenia Antzokian.

Horrezaz gan, mundu osoko hainbat jazz programatzaile hurreratuko dira SGAE Fundazinoak berak gonbidatuta, hautatutako jazz-taldeakaz esperientziak eta kontaktuak alkartrukatzeko.

Sarrerak salgai dagoz Victoria Eugenia Antzokiaren eta Jazzaldiaren webguneetan, egun bakotxekoa 8 euroan.

Errezitaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira zuzenean, Jazzaldia Live euskarriaren bidez (Youtubeko kanala).

Jardunaldi profesionalak

JazzEñe SGAE Fundazinoak Espainian jazza nazinoartekotzeko martxan jarritako programea da. Kontzertuez gan, hiru jardunaldi profesional iragarri ditue eta horreetan hautatutako taldeak mundu osoko jazzaldien eta aretoen sustatzaile eta programatzaileakaz batuko dira, kasua bada, nazinoarteko agertokietan lankidetza-akordioak, birak edo eta kontzertuak berbatu deiezan.

Hautaketa batzordea

Zortzi taldeak profesionalen batzorde batek aukeratu ditu, jasotako 249 proiekturen artean. Batzorde hori modu telematikoan batu zan 2024ko apirilaren 2an; ondokoak dira batzordekideak: Javier Estrella, JazzEñeko zuzendaria; Miguel Martín, Jazzaldiko zuzendaria; Lucía Rey, 2023an hautatutako egile, konpositore eta artistea; Daniel García, 2021ean hautatutako egile, pianista eta artistea; eta Begoña Villalobos, In&OutJAZZeko editore eta zuzendaria (2017tik jazzean espezializautako blog independentea).

JazzEñe

SGAE Fundazinoaren programea da, hau da, Espainian egiten dan jazza nazinoartean zabaltzeko, jazz taldeek jaialdietan parte hartu deien sustatzeko, SGAEko bazkideentzako nazinoarteko birak bultzatzeko eta sektoreko profesionalen (egileak, artistak, managerrak, programatzaileak, jaialdietako zuzendariak, diskoetxeak...) arteko topaketak eta esperientzien zein ezagutzearen trukea lantzeko sortua.

Urteotan, artista askok han-hemenkako jaialditan interpretau ditue beren errepertorioak, tartean, Tokyo Jazz Festival entzutetsuan edo Biënale Flamenco izeneko Gau Zuria Proiektuan, Amsterdamen eta Rotterdamen. 2014an Madrilen egindako lehen edizinoaren ondoren, 90 talde baino gehiago agiri izan dira JazzEñen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu