Sagartegieta, Untzueta eta Rocandio eraikinak, modu birtualean ikusteko aukerea
2024-05-08 13:19 KultureaEgoibarra alkartearen webgunean ikusgai.
Untzueta jauregia
Untzueta jauregia, edo Jauregixa Eibarko euskerean, estilo barrokoko eta jauregi-jatorriko eraikina da, XVII. mendekoa, eta, gaur egun, La Salle ikastetxearen egoitzea. Ondasun kalifikatua (1964-02-29ko BOE), A mailako babes bereziko erregimenagaz, ez da jatorrizko Erdi Aroko orubearen izena, (Azitain baitzan). 1492an, Eibarko kontzejuaren txosten batean, Azitaintorre etxea edo Azitain etxea datoz aitatuak, ez Unzueta.
Gaur egungo eraikin barrokoa XVII. mendean jaso zan, Sebastian Jaureguik eta bere emazte Angela Maria de Unzueta Mondragónek Azitaingo Erdi Aroko torretxe zaharra egoan leku berean oraingo hau eraiki ebenean. 1964ko urtarrilaren 17an, interes kulturaleko eraikintzat izentau zan.
Untzuetatarren leinua, Azitaingo orubearen leinua hain zuzen be, oñaztarren bandokoa zan; jauntxoen bezela eratua, orubearen lursailetan jasotako hainbat baserriren bizi guztiko zerga jasoten eban, baserri guzti horreek Kiñarraga ingurukoak izanik. Antxinan, Santiagora zihoazen erromesen pasabide ohikoa, Untzuetatik edo Jauregittik Arrateko santutegira igotzen ziran, eta handik, Markinatik, Zenarruzarako bidea hartzen eben.
Eibarko La Salle ikastetxea Untzueta Jauregian kokatu eta 1958ko zemendiaren 30ean inaugurau zan; eta harrez geroztik Azitaingo Andre Maria La Salle izena darama, Azitaingo parrokian Ama Birjinaren oso antxinako irudia dagoalako eta ordenaren sortzaile dan San Joan Bataiatzailearen omenez.
Ikusi hemen.
Sagartegieta jauregia
Sagartegieta jauregia (Saartei edo Sarteitta, Eibarko euskerean) estilo barrokoko eraikin zibila, jabetza pribatukoa, XVIII. mendean eregia. Eraikina egoera txarrean eta kalifikatuta dago (1980-11-29ko EAO). Eibarko Maltzaga auzoko muino batean kokatua, aurretik egoan baserri baten gainean dago eraikia (1655. urtean) eta XVIII. mendean barritua. Estilo barroko eta neoklasikoa dau. XX. mendearen amaieratik aurrera hustuta geratu zan eta gaur egun aurri-egoeran dago.
Jauregiko bizilagunak, lehenengo sagartegietarrak eta gero sustaetarrak, beti izan ziran nagusi inguru hartan, historian zehar funtsezko komunikazino-gune izan zan lekuan. Azken gerra karlistaren ondoren, Sagartegieta-Sustaeta familia errepide nagusiaren ondoan egoan Maltzagako beren jabetzako bentara joan ziran bizitera, eta beste familia bati alokatu eutsen jauregia, XX. mendearen bukaera arte bertan bizi izan zana.
Eraikina leku estrategiko batean dago, eta han alkartzen dira oraindik be Gipuzkoako bide nagusiak (kostaldea eta barrualdea lotzen dituanak), Bizkaitik datozenak eta, Deba ibaiari jarraituz, Arabara eta Gaztelara doazenak. Bide horretan, Sagartegieta leku garrantzitsua zan, eta iraganean, Santiagoko erromesek hartzen eben ostatu; handik Eguigurenera (Eguren) eta gero Untzueta jauregira joaten ziran, gero Arrateko santutegira igo eta, Markinatik, Zenarruzara joateko.
Armarrian ondoko inskripzioa ageri da; Soy Sagartegvieta; eta balkoiaren goiko aldean: Vinculada en 13 de maio de 1655. Sagartegieta jauregiaren irudi eta informazino gehiago Javier Martin Lapeyraren webgunean ikusi.
Ikusi hemen.
Industrias Rocandio
Txontako Industrias Rocandio SL XX. mendearen lehen erdiko industria-eraikina da, eta gaur egun kontserbazino-egoera txarrean badago be, herriaren industria-jarduera eta historia ederki asko islatzen dituan tailerra da. Gaur egun botatzekotan dago inguru hartako urigintza-esparru osoa berroneratzeko xedez.
Txontan dagoan solairu bakarreko eraikina da Rocandio. 1942an, Felix eta Juana Garatek eraikina eregitzea eskatu eben, oinplano angeluzuzenekoa, mekanikako tailer bat jartzeko. Raimundo Alberdi arkitektoak egin eban eta handik urte batzuetara Industrias Rocandio tailerra jarri zan leku berean, Eugenio Rocandio Calvok sortutako enpresa, hara joan aurretik, fabrika eta bulego nagusia Arrate pasialekuan ebana, Urkizu aldean. 1953an, Eugenio Rocandio Jaureguik baimena eskatu eban Txontako industria-eraikin horren atzealdean transformadore bat jartzeko, bere industria argindarrez hornitzeko. Rocandiok bere izenean erregistrautako patenteak eta hainbat marka zituan, eta flejeak, etiketagailuak, grapak, kaltzaiduzko prezintoak, burdindegiko artikuluak eta beste hainbat gauza fabrikatzen zituan.
Gerraostean Txontako goialdean eraikitako lehen industria-eraikina izan zan, eta gaur egun albo batean badago be, antxinan sarrerako ate nagusia metro askotara ikusten zan. Inguru hartako eraikin zaharrenetako bat danez, badu balio historikoa.
Tailerraren historian zehar Rocandiorenekoan lan egin daben behargin askoren artean, Gabriel Aresti poeta be dago, 1966an tailer horretako administrazioburu bezela jardun eban hilabete batzuetan; orduan 18 langile zituan lantegiak. Adituen berbetan, Eibarren biharrean egote horrek eragina izan eban Arestirengan, eta Euskal Harria poema-bildumean sumatzen omen da herriaren arrastoa.
Ikusi hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!