Bilbok Blues Challenge-ren Estaduko finala hartuko dau
2024-05-08 10:56 MusikeaIzena emoteko epea maiatzaren 13an edegiko da.
Bilbao Blues Festival jaialdiaren lehen egunean, garagarrilaren 25ean, Blues Challenge-ren estaduko finala izango da. Gaur egungo lau talde onenak lehiatuko dira European Blues Challengean plaza bat lortzeko, musika genero horretako nazinoarteko ekitaldi garrantzitsuenetakoa. Oso pozik gagoz Estaduko Challenge horren ospakizunagaz; alde batetik, zuzeneko bandakaz finala atontzen dan lehen aldia dalako; eta bestetik, Bilbo Bluesaren erreferente bihurtzeko helburua beteteko beste urrats bat emotea lortu dogulako, adierazo dau Carlos Malles jaialdiaren zuzendariak.
Izena emoteko epea maiatzaren 13an edegiko da eta bagilaren 9an amaitu. Aurkezteko ezinbestekoa da ondoko inprimakia betetea. Bagilaren 22tik aurrera hautatutako taldeen izenak iragarriko dira.
Bestalde, Bilbao Blues Festival jaialdiaren kartela osotzeko, Southern Avenue, Annika Chambers, Terrie Odabi, Ivan Singh, Kid Carlos Band eta Ibai García Blues Project taldeak be izango dira. Artista horreek dagoeneko baieztatuta dagozan talde eta bakarlariakaz bat egingo dabe: The Fabulous Thunderbirds, D.K. Harrell, Ana Popovic, Big Yuyu, Martha High & The Soul Cookers, Anson Funderburgh, Mike Morgan eta Shawn Pittman.
Bilboko Udalak bultzatutako musika-ekitaldia garagarrilaren 25etik 28ra bitartean egingo da Arenalean, eta dobako programazinoa izango dau.
Nazinoarteko onarpena dauen erakundea
Jaialdiaren erakunde sustatzaileak, Crazy Bluesek, musika-generoa bultzatzeko nazinoarteko sari nagusiak eskuratu ditu: sustatzaile onenaren BBSA saria (Blues Behind the Scenes Award), European Blues Union-ek Azoresen 2019an emondakoa, eta K.B.A saria, Memphis-eko Blues Foundation-ek 2015. urtean emondako nazinoarteko jaialdi baten antolakuntzarik onenari (Keeping the Blues Alive), munduko errekonozimendu handiena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!