'Erresistente' dokumentalak ohorezko aitamena jaso dau

Bizkaie! 2024-05-07 10:37   Zinemea

Italiako Ponza Film Awards jaialdian.

Antibiotikoei erresistente bihurtu diran bakterioen arazoa erakusten dauen Erresistente dokumentalak ohorezko aitamena jaso dau Italiako Ponza Film Awards jaialdian, ezaugarri dauena urteko sarituez gan beste film batzuk saritzen dituala hilero, eta Erresistente zezeileko sarituetako bat izan da. Hileroko errekonozimendu horri esker, talentu eta idea barriak nabarmentzen ditu jaialdiak. Halanda ze, babesa eta laguntzinoa emoten deutse zinegileei urte osoan.

Saria jasoteaz gan, gaurtik aurrera, Erresistente dokumentala Primeran plataforman ikusteko aukerea izango da (hemen). Elhuyarrek egin eta produzidutako dokumentala guztien eskura egongo da EITBren streaming plataformeari esker, eta dokumentalaren helburua beteko da holan: arazoa gizarteratzea, izan be, Osasunaren Mundu Erakundearen aurreikuspenen arabera, 2050ean, superbakterioak mundu osoan egongo dira, eta minbiziak baino heriotza gehiago eragingo ditue.

Erristente dokumentala

Erresistente dokumentalaren zuzendaria eta gidoigilea Bego Zubia Gallastegi da. Dokumentalak planeta osoari eragiten deutson arazoa mahai gainean jarten dau ikertzaile, mediku, albaitari eta medikuen testigantzen bitartez. Gaixotu eta osatu diranak be egongo dira dokumentalean.

Bide horretatik, Estaduan barria dan tratamendu baten nondik norakoak ezagutzeko aukerea izango dogu, eta, horregaz batera, lehenengo pazienteetako baten bizipenak entzungo doguz. Infekzinoa gainditzea lortu dabenen testigantzak hunkitu egingo gaitue eta, aldi berean, bakterio erresistenteak ugaltzearen ondorio larriak kaleratuko doguz, arazoari aurre egiten lagunduz, urtenbidea guztion esku baitago, adierazo dau zuzendariak.

Urtenbidea ondoko honeen esku bakarrik egon ez arren, ekarpen garrantzitsuak egingo ditue, besteak beste, Lucia Gallego Andres, PRANeko kidea eta EHUko Medikuntza Fakultadeko ikertzailea; Itziar Alkorta Calvo, UPV/EHUko Zientzia Fakultadeko irakaslea eta kimikan doktorea; Pilar Domingo Calap, ikertzailea eta Fagoterapian aitzindaria; Maria Neira González, Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publikoko zuzendaria; Maitane Aranzamendi Zaldumbide, Donostia ospitaleko mikrobiologoa; Patxi Lazkanotegi Muxika, albaitaria; Ana Hurtado Esgueva, animalia-osasunean aditua, NEIKER; eta Nestor Etxebarria Loizatek, UPV/EHU Plentziako Itsas Estazinoko ikertzaileak.

Dokumentala, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología, Zientzia eta Barrikuntza Ministerioa) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren laguntzinoagaz egin da eta EITBren partaidetzea izan dau. Horrezaz gan, dokumentalak APIKA Ikus-entzunezko Produktoreen Alkartearen Audiovisual Project LAB egitasmoan parte hartu eban 2022an. Egitasmo horren helburuak dira ikus-entzunezko proiektuen produkzinoa bultzatu, talentua sustatu eta ikus-entzunezkoak dinamizete.

Fitxa artistikoa

  • Zuzendari-gidoigilea: Bego Zubia Gallastegi.
  • Zuzendariaren ondokoa: Jon Larrañaga Gurrutxaga.
  • Argazki-zuzendaria: Eukeni Arriortua.
  • Musika-konposatzailea: Haizea Huegun Duran.
  • Zuzeneko-soinua: Miguel Ramírez Cantero.
  • Muntaketea: Xabier Zabala Agirrezabal.
  • Animazinoa: Guillermo Roa Zubia.
  • Produkzino exekutiboa: Garazi Andonegi Beristain.
  • Produktorea: Ana González Jaka.
  • Jatorrizko hizkuntzea: Euskerea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu