Juan Bilbao dultzainero mañariarrari omenaldia egingo jako maiatzaren 12an

Bizkaie! 2024-05-07 07:55   Musikea

Bizkaiko dultzaineroak omentzeko aurten egingo diran omenaldietan lehenengoa izango da Mañarikoa.

Juan Bilbao. Erretratua: Tiliño. | Ikusi handiago | Argazki originala

Juan Bilbao Ortuoste 1905ean jaio zen Mañariko Ortuoste auzoan. Artzaina ofizioz, autodidakta izan zan eta bere anaia Manuelen pausoak jarraituta dultzainea joten ikasi eban. Anaia Melillan hil zan 1922an, eta anaiaren dultzainea etxera bialdu ebenean bera geratu zan musika tresna preziatuagaz. Aurretik, flauta eta txilibituagaz ibilitakoa zan
Juan.

Urte askoan haren lehengusu Fermin Ortuostegaz (1906-1962) ibili zan duoan. Eurekaz biekaz, Dionisio eta Txomin anaiek atabala joten eben Durango, Abadiño, Amorebieta, Gernika, Atxondo, Otxandio eta beste hainbat herritako erromerietan. 1920ko hamarkada luzetan ibili ziran herriz herri. Gero, dultzainea jo barik egon ostean, erretirau zanean, 70eko hamarkadan, barriro hasi zan joten. Azken aldietan, Karmelo semeak laguntzen eutson atabalagaz.

Zahargaztiek musika taldea be sortu eban beste laguntzaile batzuekaz, tartean trikitilariak eta albokariak ziran: Basilio Txiki, Juanita Gorroño, Eduardo Eguiarte eta Felisa, Leon Bilbao eta Maurizia Aldaiturriaga izan zituan plaza lagun. Semeagaz batera, Kardantza etxeko “Herri Musika” diskoan hainbat pieza grabau zituan.

Omenaldiak be hainbat egin jakozan bizi izan zan artean: 1980an, Iurretako jaietako Trikitilarien Egunean jaso eban omenaldia, 1981ean, Guardiako Gaiteroen Egunean eta azkena Elorrion, 1991n hil zan urte berean, apirilaren 21ean.

Maiatzaren 12an Mañarian

Omenaldiaren ekitaldi nagusia maiatzaren 12an egingo da, baina maiatzaren 6tik 12ra, Errose Bustintza Kultur Etxean Bizkaiko gaiteroei buruzko argazki erakusketa txiki bat jarriko da.

Omenaldi egunean bertan, goizeko 10:30ean Hasita, lehenengo gaiteroen kalejira eta ostean Ondalan taldeko erraldoiakaz batuta bigarren kalejira bat izango da. Eguerdiko 12:30ean balseorako tartea hartu eta 13:00ean ekitaldi nagusia izango da plazan, Juan Bilbao omentzeko.

Mañariko Udalak maiatzaren 10etik 19ra atondutako Kultur Astearen programako ekitaldietako bat da omenaldia.

Gureak gogoan, katea ez hausteko omenaldiak Bizkaian

Bizkaiko Gaiteroen Alkarteak Juan Bilbaori eskainiko deutsona izango da urte honetako lehenengo omenaldia. Bizkaian gaiteari balioa emotea da helburua atondutako omenaldiakaz. Gaita-dultzainero esanguratsuak izan ziran herrietan erakusketak eta omenaldiak atonduko ditue, euren lana ezagutzera emoteko. Omendutako gaiteroen errepertorioetako piezen bersino eguneratuak interpretauko dituzte eta batzuetan bakarka edo veste batzuetan akordeoi edota metalezko banda-instrumentuakaz batera eskainiko dira.

Omenaldiak:

  • Mañaria. Maiatzak 12: Juan Bilbao Ortuoste.
  • Dima. Bagilak 1: Patxi Bilbao Etxebarria.
  • Bedia. Bagilak 16: Juan Aiesta Urkidi.
  • Aulestia. Bagilak 24: Teofilo Maruri Pio Maruri Zesterue
  • Zalla. Abuztuak 1: Lucas Sainz Gomez Matxakito.
  • Zeanuri. Abuztuak 15: Basilio eta Enrike Etxebarria.
  • Usansolo. Urriak 26: Simeon Iragorri Izagirre.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu