Fernando Hierroren obrea jaso dau Bermeok

Bizkaie! 2024-05-02 13:25   Kulturea

Bermeoko historia grafikoa adierazoten dau.

Eskerretik eskumara: Bitor Uriarte Anasagasti zinegotzia, Marina Hierro (Fernando Hierroren alaba), Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea eta Aingeru Astui. | Ikusi handiago | Argazki originala

Herriko historia islatzen daben irudiez osotutako Fernando Hierroren obrea jaso dau Bermeoko Udalak, haren alaba Marinaren eskutik. Irudietan Bermeo agertzen da, herriko historiako aldi esanguratsuenetan. Hierroren helburua izan da herritarrei Bermeoko historiaren aspektuak erakustea.

Irudi historikoak marrazten esperientzia handia dauka Hierrok; antxinan herriek izan eben itxurea irudikatzen hain zuzen be. Bermeoko Udalaren eskuetan itxi dauen lanaren aurretik, Bermeoko antxinako zenbait irudi eginak zituan: Bermeo 1398an eta Bermeo 1889an. Bitor Uriarte Anagasti zinegotziak gogorarazo dauanez, Hierrok lehenengo lan horreek egin zituanean, Aingeru Astui eta beregana jo eban laguntza eske: Garai horreetako Bermeoren ezaugarriak zehazten laguntzeko eskaerea egin euskun, eta gustura egin genduan lana beraregaz. Geroago, barriro hurreratu zan geuregana, herrirako proiektu handiagoa zeukala adierazoz.

Udalak erosi dauen lanaren plana edo eskemea, kronologikoa da. Geografikoki Historiaurreko eta Antxinaroko ikuspegi zabalagoak hartu ondoren, XI. mendetik aurrera, mendez-mende jarraitu dau, gaur egunera arte. Atal bakotxaren euskarri legez, testuak gehitu dira, irakurleek gitxiengo informazino idatzia izateko, irudiei protagonismoa kendu barik.

Garai bakotxari lotuta, askotako elementuak dagoz irudikatuta, besteak beste, etxeak, lanerako tresnak, armak, janzkiak eta itsasontziak. Era berean, ez dira falta herriko ikuspegiak, ezta be herrialdearen panoramikarik. Horreezaz gan, ikuspegi barriak be irudikatu ditu; esaterako, etxeak, eleizak eta zubiak. Guztia, ahal izan dan neurrian, dokumentazino lanetan oinarrituta.

Uriartek gogorarazo dau Bermeoko Udalak kulturea eta herriko sortzaileen lanak argitaratzearen alde egingo dauela agintaldi honetan: kasu horretan be, Fernando Hierroren lana argitaratzea da Bermeoko Udalaren helburua. Adituegaz batuko gara lana zein modutara argitaratu daitekeen aztertzeko, izan be, herritarrek eskura izan behar dituen irudiak dirala uste dogu.

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomaly pozik agertu da, eta eskerrak emon deutse Fernando Hierrori eta haren alabari, lan ederra egin dau Fernandok, eta orain izugarrizko lana daukagu esku artean. Eskerrik asko Marinari be, bera aitaren lana Bermeoraino eroateagatik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu