Loraldiaren Sormen Digitaleko Bekearen 4. edizinoa martxan

Bizkaie! 2025-09-08 11:09   Kulturea

Euskerea kulturearen abangoardian.

Loraldiak abangoardia kulturalaren aurreko konpromisoa berretsi dau Sormen Digitala Bekearen laugarren edizioaren deialdiari esker, izan be, bekearen asmoa da euskal imaginario garaikidea aberastu eta euskerea eta bere adierazpen kulturalak eszenatoki digital globalean protagonista izatea.

Proiektu irabazlea sorkuntza-lan originala eta erabat digitala izango da, ez dira obra analogikoen digitalizazinoak onartuko. Lehentasuna emongo jako ingurune digitalaren aukerak ahalik eta gehien aprobetxauko dituen ideak sortzeari aplikazino interaktiboen formatuan, podcastetan, webserietan, errealidade areagotuko esperientzietan, bideojokoetan edo euskal kulturako eta teknologiaren arteko fusinoaren beste edozein adierazpenetan.

Bekea edozeinentzat zabalik dago eta banaka edo taldeka aurkeztu daiteke.

Proiektuak aurkezteko epea 2025eko urriaren 19an amaituko da eta proiektu irabazlea 2025eko zemendiaren 5ean jakinarazoko da. Obrea 12 hilebetez jorratuko da (2025eko abendutik 2026ko abendura) eta 2027ko Loraldia Jaialdian baino ez da estreinauko.

Bekearen lehenengo edizioa UPV/EHUko irakasle talde batek sortutako Gorputza atzean utzi proiektuak irabazi eban. Proiektuaren arduradunak EHUko irakasle Josu Rekalde, Katixa Agirre, Enrike Hurtado, Izarne Oyarzabal eta Patxi Azpillaga dira.

Bigarren edizinoari jagokonez, Hitzaurrea proiektuak irabazi eban deialdia. Hitzaurrea proiektua landu ebenak Piszifaktoria Ideia Laborategia eta Fikzio Fabrika taldeak dagoz eta taldea Irati Agirreazkuenagak, Xabier Landabideak, Eneko Olazabalek eta Mikel Ayllonek osotzen dabe.

Eta Loraldia Sormen Digitala Bekearen hirugarren edizinoan AppaMaurizia proiektua izan zan irabazlea, #Mauriziakezdauinorhil kolektiboak sortutako errealidade birtualeko proiektua, Ines Osinaga eta Lorea Argarate buru dirala. Proiektu honek teknologia barritzailea eta euskal folklorearen kultura-ondarea buztartzen ditu.

Kontuak kontu, 4. beka deialdiaren oinarriak eta izena emoteko formularioa eskuragarri dagoz Loraldiaren webgunean. Informazino gehiago hemen.

Bizkaiko Foru Aldundia da babesle Nagusia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu