'Odisea 1937' erakusketea, ikusgai
2025-09-05 08:00 KultureaIrailaren 29ra arte, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen Bilboko egoitzan.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen Bilboko egoitzan Odisea 1937 erakusketea egongo da ikusgai irailaren 29ra arte, Euskadiko Gerra Zibilean hain ezaguna ez dan orri batetik egindako ibilbide bisuala. Orain arte argitaratu ez dan material grafikoaren bidez erakusten dan gerra-gatazkearen pasarteak, Eusko Jaurlaritzeak erbestean hartu eta lagundu ebazan ehundaka euskal gudari eta zibil zauritu eta erbesteraturen odisea jasoten dau. Gudari eta zibil horreek Iparraldeko La Roseraie ospitalean eta Bordeletik gertu porturatutako Habana ospitale-ontzian, aurrez ehundaka errefujiau eroateko balio izan eban itsasontzian, hartu eta artatu ebezan.
Aitor Miñambres Amezaga Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoko zuzendariak, eta Memoria Historikoan eta Giza Eskubideetan aditua dan Mauro Saravia kazetari eta argazkilariak komisariautako erakusketan, lehen aldiz Federico González Santiagok eta Manuel Arumbarrenak 1937an Bilboren defentsan zauritutako euskal burrukalariek, eta Gotzone Arancibiak, bien erizainak hamarkada askotan gordetako argazki eta dokumentu argitaratu bakoen bildumae aurkezten da. Hiru protagonisten senideak Bilboko erakusketearen edegiera-ekitaldi ofizialean izan dira.
Erakusketearen ardatz nagusia, 1937tik 1940ra 1.600 euskal burrukalari eta zibil baino gehiago hartu ebazan Bidarteko (Lapurdi) La Roseraie ospitalearen historia da. Bilbo jausi eta gero Eusko Jaurlaritzeak bultzatutako ospitale hori errekuperazino fisiko eta emozinonalerako gune bihurtu zan, baina baita lanbide heziketarako eta tailerrak, jarduera akademikoak eta kirolekoak egiten ziran eta gerrako zaurituek osotutako abesbatza bat be baegoan bizitza komunitariorako leku be. Zauritutako burrukalari batzuk, gerra garaian Bordeletik gertu atrakauta ospitale-ontzi lez prestauta egoan Habana baporetik be pasau ziran. Errepublikearen aldeko burrukalarientzako suspertze-gune garrantzitsua izan zan.
Odisea 1937 erakusketeak 40 argazki historiko baino gehiago, informazino-panelak, mapak eta Gerra Zibilaren hasieratik Bigarren Mundu Gerraren eta gerraoste luzearen amaierarainoko gertaerak testuinguruan jarten dituan denpora-lerroa buztartzen dituan ikusizko muntaia eskaintzen dau. Erakusketeak istorio personalak ikusarazoten ditu, esaterako, ospitaleratze asko eta itsasoz egindako erbesteratze arriskutsua eta gero, Frantziako gerra-frontean beharrean amaitu eban Gonzalezena berarena. Ondoren, Espainiara bueltau zanean kontzentrazino-esparru batean sartu eben, eta 1979ra arte ez eutsiezan gerrako mutilau lez ebazan eskubideak onartu.
Erakusketea justizia historikoko ekintzea da. Askatasunaren eta demokraziaren alde dana emon ebenak eta euren izenak luzaroan isilduak euki ebezanak, ahanzturatik erreskatetan ditu, adierazo dau Mauro Saraviak, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Parlamentuko lehendakaria eta Mahaiko kideak be parte hartu daben eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundean egin dan aurkezpenean.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak azpimarratu dauenez, erakusketea autortza eta gizatasun ekintzea da, izan be, Manuel Arumbarrena burrukalariaren edo Federico González beraren eta Gotzone Arancibia bien erizainaren istorioen bitartez, erbestearen, minaren eta duintasunaren bezela arpegia erakusten jaku. Galereak, erresistentziak eta alkartasunak markautako esperientzia bizi izan eben milaka persona irudikatzen dituen hiru izen; egungo belaunaldiei deia egiten deutsen memoria bizia, esan dau.
Erakusketea, irailaren 17an, eguaztenean, 18:00etatik aurrera, Aitor Miñambres eta Mauro Saravia komisarioek emongo daben berbaldiagaz osotuko da. Bilboko egoitza parlamentarioko berbaldi aretoan artxiboaren ikerketa eta berreskuratze prozesua, Memoria Demokratikoa bizirik eukitearen garrantzia eta hiru protagonistek bizitakoari buruzko zehetasunak adierazoko ditue.
Odisea 1937 argazki erakusketea baino gehiago da. Iraganari begirunez begiratzeko konbita da, oraina ulertzeko eta akordu bakerako eta adiskidetzerako tresna izango dan etorkizuna eregiteko.
- Datak: 2025eko irailaren 4tik 29ra.
- Lekua: Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen Egoitzea (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo).
- Sartzea doban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!