'Galeatik Punta Begoñara', Getxoko gako historikoak ezagutzeko aukera bikaina

Bizkaie! 2024-05-02 08:17   Kulturea

Ibilbideak hileko lehen domeka guztietan izango dira, maiatzaren 5etik aurrera.

Punta Begoña Fundazinoak Getxo, puntatik puntara izeneko paisaje-ibilbideen programea jarriko dau martxan, udalerriaren historia modu atsegin eta praktikoan, natureagaz hartu-emonetann eta edertasun eta berezitasun handiko paisajeen bidez ezagutarazoteko ekimena.

Jarduera hau hileko lehen domeka guztietan izango da, maiatzaren 5etik aurrera. Galeako gotorlekuan 10:30ean hasiko da 4,5 kilometroko ibilbidea, Punta Galea eta Punta Begoña artean. Bertan, gaur egunera arte ekarri gaituen jazoera historikoak eta Getxok Bizkaiaren eta Euskadiren garapen sozialean izandako aparteko garrantzia ezagutarazoko dira. Eguraldi txarra izan ezkero, aldez aurretik jakinarazota, ibilbidea Punta Begoñara eroango da, eta bertan, mugarri historikoak azalduko dira galerietako espazioetan.

Ibilbideak euskaraz edo gaztelaniaz izango dira, egutegiaren arabera, eta prezioa 3 eurokoa izango da pertsonako. Izen-emoteak webgunean egin daitekez hemen

Ibilbidea

Pasealekuan eta geltokietan zehar, orain miloeka urte jazo zan flysh-aren eraketa-prozesura hurreratuko dira parte-hartzaileak, baita gure planetearen eraldaketa geologikoen eta giza eraldaketen zergaitira eta gure lurralderik hurrekoenean izan eben eraginera ere.

Orain ia 5.000 urte Getxon aire zabalean egindako lehen kokaguneek Punta Begoñako kokapenaren garrantzia islatuko dabe, itsasadarraren Abra menperatuz, eta bertan sortu ziran eta gaur egunera arte heldutako jokabide eta jarduera sozial, ekonomiko eta herritar gehiago azalduko ditue, egungo errealidadea neurri handi batean azalduz.

XII. mendeko landa eremuko Getxo be ezagutuko da, Santa Maria monasterioa ardatz dauena, baita Algortako arrantza gunea be. Ibilbidean zehar ezinbesteko geldiuneak izango dira, istorio eta pasadizo atsegin eta dibulgatzaileak tartekatuz, XVII. mendetik aurrerako Abrako defentsa-sistemak, XIX. mendearen erdialdetik aurrerako abiada ekonomikoaren fasea, itsasadarraren eraldaketea, kanpoko portuaren eraikuntzea eta egungo Getxoren sorrerea eta garapena.

Galerietara helduta, egindako ibilbidean atzera begitu ahal izango dabe talaiatik, eta, ikusiko dabe, zelan agertzen diran era batera edo bestera mugarri historiko horreek guztiak (flysh-a, kokaleku neolitikoa, defentsa militarra, abiada ekonomikoa, gerrak, negozioak eta aberastasunak, azpijokoak, krisia...) Punta Begoñako arlo kulturalean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu