80 ikuskizun Leioako XXIV. Umore Azokan
2024-04-29 13:49 KultureaDana prest lau egunetan antzerkiz, jantzaz eta zirkuaz disfrutetako.
Leioako XXIV. Umore Azokeak kaleko artisten 41 konpainiaren 80 emonaldi baino gehiago eskainiko ditu maiatzaren 16tik 19ra. Aurkezpenean izan dira Leioako Alkatea Iban Rodriguez Etxebarria; Leioako Udaleko kultura zinegotzia Estibaliz Bilbao; Eusko Jaurlaritzako jarduneko Kultura Sailburuordea, Andoni Iturbe; eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura-Ekintza arloko ordezkaria, Koldo Narbaiza. Aurkezpena Hortzmuga Teatroa konpainiak egindako erakustaldiagaz hasi da.
Aurtengo edizinoan, 41 konpainia izango dira: Euskal Herriko 18, estaduko beste 18 eta nazinoarteko 5. Leioako alkatea dan Iban Redriguez-Etxebarriak adierazo dauenez: betiko lez, programazinoaren kalidadea nabarmentzen da, baita komuniketako, transmitiduteko eta kaleak eraldatzeko modu eta estilo barriak batzeko dogun ahalmenagatik be. Kaleko panorama artistikoko konpainia garrantzitsuenen emonaldi barriak ikusteko aukerea be izango dogu.
Horrezaz gan, Leioa, beste behin be, nazinoarteko kulturearen erreferentzia bihurtuko da, unean-uneko diziplina anitzeko proposamen onenen erakusleiho eta uri-agertoki, eta arte eszenikoen sektoreko profesionalen topaketea, truke eta lankidetzarako gune, nabarmendu dau alkateak.
Kultura jarduneko sailburuorde Andoni Iturbek adierazo dauenez, Umore Azokea erreferente nagusi da kaleko arteen eremuan. Euskadin dagozan kaleko arteen jaialdi garrantzitsuenetako bat da eta hori balioan jarri behar dogu. Euskadiko kulturearen agendean egongo da Leioa eta horrek eragina izango dau herrian.
Kontuak kontu, Leioak guztira 27 estreinaldi hartuko ditu: estaduko 20 eta nazinoarteko beste zazpi. Hainbat diziplinatakoak dira, esaterako, jantzea, antzerkia, clowna, musikea, performancea, zirkua, txotxongiloak, instalazinoa, ikusizko arteak eta magia. Estaduko konpainiak Andaluzia, Asturias, Katalunia, Euskal Herria, Galizia, Murtzia eta Valentziatik datoz; nazinoartekoak, barriz, Portugal, Frantzia, Suitza, Italia, Irlanda, Belgika eta Mexikotik.
Agertokiei jagokenez, Umore Azokeak 15 espazio eszeniko nagusi izango ditu eta horreek, 30 kokaleku eszeniko ingurutan banatuta egongo dira. Guztiak, udalerriaren erdigunean.
Profesionalen topaketea
Umore Azokearen ezaugarrietako bat kaleko arteen industriaren garapena sustatzeko egiten dauen ekarpena da, izan be, kaleko artista guztien arteko topagune eta sektoreko profesionalen arteko hartu-emonetarako foro bezela balio dau.
Maiatzaren 16an, eguenean, VII. Artekale-Sarea topaketea izango da Kultur Leioako erakusketa aretoan eta bertan egongo dira euskal konpainia guztiak. Gainera, 17, 18 eta 19 egunetan Umore Meeting-ak eskainiko deutsee konpainiek euren sorkuntzak erakutsi ahal izateko programazinoaren arduradunei, bai Euskal Herrikoei, bai Estadukoei, baita atzerritarrei be.
Umore Azoka Sariak
Kaleko arteetan ospe handia daben profesionalek osotutako epaimahaiak Umore Azoka saria ikuskizun onenari emongo deutse. Ganera, aurten Umore Azokearen sari berezia emongo jako kaleko arteei duintasuna eta balioa emoteko lan egin dauen erakunde bati.
Palmaresa 2024ko maiatzaren 17an jakinarazoko da, sarien ekitaldiaren ondoren.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!