'Tasio', Cannesko Zinema Jaialdian

Bizkaie! 2024-04-29 12:57   Kulturea

Obrea, Boloniako Cineteca-ren L’immagine Ritrovata laborategietan zaharbarritu dabe.

Euskadiko Filmategiak Tasio filma (Montxo Armendáriz, 1984) zaharbarritu dau Boloniako Cineteca-ren L’immagine Ritrovata laborategietan. Halanda ze, euskal zinemagintzako funtsezko obrea, Cannesko Zinema Jaialdiko Classics sailerako hautatu dabe, hain zuzen be, maiatzaren 14tik 25era izango dan festibalerako. Bertan, 4Kn ikusi ahal izango da. Horrezaz gan, Donostia Zinemaldiaren 72. edizinoko Klasikoak sailean proiektauko dabe.

Jatorrizko materiala Espainiako Filmategian gordeta egoan, eta handik egin eben laborategietarako bidaia, joan dan irailaren amaieran. Bolonian, ha berraztertu, konpondu eta ultrasoinuakaz garbitu eben. Zuzendari nafarrak eta Euskadiko Filmategiko langileek prozesu osoa kontrolau dabe.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren babes ekonomikoari esker zaharbarritu ahal izan da filma, Enrique Cerezo P.C. filmaren jaubeakaz adostuta.

Cannes Classics sailak titulu klasikoak berreskuratzen ditu eta Tasio obraz gan, esaterako, Gilda (Charles Vidor, 1946), Paris, Texas (Wim Wenders, 1984), Los siete samurais (Akira Kurosawa, 1954), Los paraguas de Cherburgo (Jacques Demy, 1964), Loca evasión (Steven Spielberg, 1974) edo Cuatro noches de un soñador (Robert Bresson, 1971) filmak proiektauko ditue.

Euskadiko Filmategiak ahalegina egingo dau euskal zinemagintzako film ikoniko hori zinema klasikoaren eremuan erreferentziazkoak diran beste hitzordu batzuetan be erakusteko. Irailean, Donostiako Zinemaldian egongo da ikusgai eta Klasikoak saila edegiko dau, zinema unibersalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen dituan saila, hain zuzen be.

Bestalde, Tamasa banatzaile frantziarrak 2025ean Frantziako aretoetan emoteko eskubideak erosi ditu.

Tasio

Tasioren bizitzea irudikatzen dau filmak. Lokiz mendilerroan (Nafarroa) dagoan herri txiki bateko mutikoa da; zortzi urtegaz hasten da mendiko lanetan, eta 14 dituanerako ikazkina da, aita bezela. Bizilagun askok lan finkoaren bila urira alde egin arren, Tasiok nahiago dau bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. Anastasio Ochoa Ruiz (Tasio) ikazkin eta isileko ehiztariaren bizitzea dau oinarri filmak; gizon ha Zuñigan jaio zan 1916an, eta 1989an hil Valderrota mendian.

Lantalde tekniko eta artistiko garrantzitsua batu eban filmak; besteak beste, Elias Querejeta (produktorea), Pablo G. del Amo (muntatzailea), Gerardo Vera (zuzendari artistikoa), Angel Illarramendi (konpositorea), José Luis Alcaine (argazki-zuzendaria), Alfredo Mayo (kamera) eta José Luis López-Linares (argazki finkoa). Bestalde, Patxi Bisquerte eta Amaia Lasa ziran protagonistak.

Montxo Armendarizen berbetan, isileko askatasunari buruzko filma da Tasio: arauen eta konbentzinoen kontra ezkutatzen dan askatasunari buruzkoa. Tasioren personaiari jagokonez, gehien interesetan jatazanak gizartearen aurrean eban duintasun, harrotasun eta ohorea ziran. Halanda be, beste irakurketa bat dau orain, egin neban garaian ez bezelakoa, gehitu dau zuzendariak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiriak adierazo dauenez, Tasio Cannes-en ikustea albiste oso ona da, euskal kultureak nazinoartean presentzia irabazteko balio baitau. Pelikulea gaur egungo teknologietara ekarrita geure ondarea gizartearen eskura ixten dogu. Beharrezkoa da herri baten kultura-ondasunak jagotea eta gizarteratzea, hurrengo belaunaldiei transmisinoa ziurtatzeko. Sailburuak Euskadiko Filmategiaren lana eskertu dau euskal zinemearen historia diran filmak barritzeko eta zaintzeko egiten dauen ahaleginagaitik.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu