Ugaitz Mugertza: 'Hau guztiau gure esentzia da'.

Koldo Isusi Zuazo 2024-05-06 07:55   Barriketan

Mutrikuarrak erraz irabazi eban oraintsu Azpeitiko zezen-plazan jokatutako III. Euskal Duatloia eta 2022koaren ondoren, hau izan da bigarrena Mugertzarentzat. Oier Kañamares polito ibili zan Gipuzkoako hitzorduan baina minutu bat eta 52 segundoren aldea atara eutson Mugertzak. Lanak egiten azkarrena Ugaitz Mugerza izan zan (31:56), Oier Kañamaresen (33:48) eta Arkaitz Jauregiren (33:54) aurretik. 

Zati bakotxeko denporei erreparauta, Mugertak 31 minutu eta 56 segundu behar izan zituan 45 ontzako lau enbor, lau kilometro arin-arinka eta bertikalean jarritako beste lau enbor moztuteko. Alde handia emoten dau baina ez zan lan erraza izan Ugaitz Mugertzak azaldu dauenez.


1.- Ia pare bat minutu atara zeuntsan bigarren sailkatutako Julen Alberdiri baina zelan bizi izan zenduzan ariketak? Noiz ikusi zenduan zeure burua irabazle? 

Ia pare bat minutuko tartea bada gogoan hartzekoa baina bete-betean zabizenean, holakoak ez dozuz pentsau be egiten, albokoari begiradatxoak eta bai arteka-marteka baina norberak nahikoa lan izaten dau aurrean eta horri ekitea nahikoa izaten da. Zeharkako lau enborrak mozten gustora ibili nintzan, sensazino onak eta ondo konzentrauta nenbilen. Korrika be ondo sentidu nintzan eta, beraz, denpora tarte polita neukala ikusi eta lasaiago baina indartsu segidu neban. Irabazle sentidutea azkenengo partean edo subertetan da, hiru proba dira eta enborra bertikalean mozten nenbilenean, aldea polita zan eta hor pentsau neban aukerea baegoala irabazteko.  


2.- Arin-arinka lau kilometro eta bakotxa lau minuturen bueltan ibili zinan. Ez da marka txarra...

Asfaltoan egiteko marka polita da baina zezen-plazan harea egoten da eta holakoetan gatxagoa izaten da metroak egitea. Ez da nire espezialidadea, entrenamenduetan ez naz korrikazalea eta fondoa lantzeko gustorago nabil mendian eta bizikletea be gustetan jat. 

Beroketa lanetan be hanketan soltura handirik ez nebala jaubetu nintzan baina aurretik zabizenean, pena guztiak ahaztu egiten dozuz [Barreka].

3.- Enborrak mozten eta segiduan arin-arinka. Aldaketea ez da erraza izango, giharrak, muskuluak, besoetakoak eta gerri bueltakoak nasaitu baina hanketakoak suspertzeko prozesua zelakoa izaten da? 

Bai. Arrazoia. Ohituta gagoz eta lehenengo lau enborrak moztuten hasteko gogoz egoten gara baina arin-arinka hasteko momentua izaten da gogorragoa, badakigulako saio horretarako beste gihar edo muskulu batzuk erabili beharko doguzala; transizino hori baldarra izaten da eta lehenengo bueltak egitea beharrezkoa da gorputzeko atalak ohitzeko. Eta hor zabizela, azken saioa falta jatzula konturatzen zara eta azken buelta hori be ez da erraza izaten. Zutikako egurrak zain dozuz eta hankak lasaitu bai baina azken zatian, indarrak urri eta amaitzeko gogoz egon arren azken azkorakadak emon behar izaten dira. 

4.-  Zelako entrenamentuak egiten dozuez? Laguntzinorik? Medikuen azterketarik?

Azken urteotan Iurretan nabil entrenetan dot Dei Zentroan, ariketak, pesak eta hor egiten dodaz.  Ondoren, parte hartuko dodan probearen arabera, duatloia edo bestelakoaren arabera, astean behin horreek jorratzea gustetan jat. Serieak be egiten dodaz eta lehen esan deutsudan lez, mendian gora eta behera be ibilten naz eta bizikletan kilometro batzuk be egiten dodaz. 

Medikuaren azterketea urtean behin egiten dot, garagarrilean, abuztuan, hortxe bueltan egiten dot eta ohitura kontua da. Muturreko kirola da gurea eta medikuaren azterketak nahitaez egin behar dira.  

5.- Errekorrak?

Holakorik ez jataz gustetan, gaztetan 15 bat urtegaz egin neban saiakeratxua eta errekorra egin neban kanardiko bat moztea zan plana eta hor nagusitu nintzan baina ez naz zalea.

Edozelan be, igaz apustua jokatu neban Eneko Otañoren kontra baina txapelketak dira niri gustetan jatazanak. Apustu, desafio eta holakoetan beste batzuk ibilten dira.


6.- Anaia Aratz eta eta biok aizkolariak eta kazeruak zarie, entrenamentuak alkarregaz egiten dozuez eta fabrikan be egunero ikusten zarie. Onerako ala txarrerako? 

[Barreka] Gaur gaurkoz onerako. Oso ondo konpontzen gara, ia zaletasun guztiak konpartiduten doguz, ehizan edo kazan alkarregaz joaten gara, entrenamentuetan be ez dogu hutsik egiten, baserrian animaliakaz eta biok egiten dogu behar. Eta fabrikan be turnoetan batera ibili gara askotan. 


7.- Duatloiak, triatloiak, ultra-trailak... Ez ete gara zoratu?

Ez gara zoratu, ez. Astokiloak garela eta holakoak be entzun behar izaten doguz baina afizinoa, zaletasuna da gurea. Mendirik mendi, gora eta behera ibiltea ederra da, baita ultra-trail eta antzekoak be. Zenbat eta aukera gehiago egon hoba eta ez daigun ahaztu distantzia luzeko triatloia, ironmana (3,8 km uger, 180 km bizikletan eta 42,195 km arin-arinka)


7.- Iker Vicente, Aitzol Atutxa, Ane Zapirain, Maite Perurena, Udane Ostolaza harrijasotzailea, badozue hartu-emonik?

Bai. Herri kiroletan ez gara asko eta azken aldian txiki zein handi ugaltzen doaz arlo danak, aizkolaritzea, harrijasotea, sokatirea eta beste batzuk eta polita eta beharrezkoa emakumeak be sartzea hau guztia gure esentzia dalako,


8.- Egutegiari erreparauta, zer nabarmenduko zeunke?

Maiatzaren 1ean Lazkaon izan dogu Egur Soporteko klasifikatorioa, Urrezko Aizkolariak horretan 12 azkolari lehiatu gara eta horreetatik sei onenak aurrera goaz: Hurrengo kanporaketarako txartelak irabazi doguz Ibai Soroak, Txomin Amundarainek, Ioritz Gisasola Zelai IV.ak, neuk, Ugaitz Mugertzak, Oier Kañamares IV.ak eta Suharri Rodriguezek. Kanpoan geratu dira, ostera, Julen Kañamares III.a, Xuban Kañamares IV.a, Julen Gabilondo, Julen Larrea III.a, Eneko Otaño eta Xabier Zaldua.

Getarian, bart, hirugarren egin eta  aurrera segiduten dogu, beraz, pozik.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu