III. Hiriz Hiri Bilbon, Ivan Ferreiro, Carlos Sadness eta Bala talde eta bakarlariakaz

Bizkaie! 2024-04-26 10:53   Musikea

Irailaren 19an, zemendiaren 1ean eta zemendiaren 8an izango dira kontzertuak.

BBK Aretoak urtero atontzen dau zikloa, udako aire zabaleko jaialdi handien garaia amaitu ondoren, areto formatuko (eta besaulkirik gabeko) kontzertuak, artistak hurragotik gozetako. Aurten oraintsu lan diskografiko barria plazaratu daben egungo musikearen arloko izen handien alde egin da.

Aurtengo udea irailaren 22an amaituko dan arren, Bilboko BBK Aretoak irailaren 19an, eguenean ekingo deutso Hiriz Hiri udagoieneko musika zikloaren hirugarren edizinoari. Carlos Sadnessen kontzertuagaz (irailak 19) emongo jake hasierea zemendira arteko Iván Ferreiro eta Balaren kontzertuei. Esangura horretan, hiru izango dira aurten Bilboko Kale Nagusiko espazioan programauko diran artistak, areto formatuko (besaulkirik barik) kontzertuak eskaintzeko, udako aire zabaleko jaialdi handien garaia amaitu ostean. Beti bezela, Hiriz Hiriren helburua oraintsu lan diskografiko barria plazaratu daben egungo musikearen arloko izen handien kontzertuak programetea da. Sarrerak BBK Aretoaren webgunean eta txarteldegian egongo dira salgai, 13 eta 35 euro artean (gastuez gan).

Carlos Sadness

 

Latinoamerikan eta mundu erdian publikoaren erantzun bikaina izan ondoren (ia bi miloe entzule ditu hilean Spotify-n, Latin Grammy bat irabazi dau eta FIFA 21 bideojoko ospetsuaren soinu bandan sartu eben Estaduko musikari bakarra izan zan), Carlos Sadness Bartzelonako abeslari eta musikagileak bere bosgarren diskoa, Realismo mágico aurkeztuko dau Bilbon. Albuma orain aste bi merkaturatu da eta, beraz, Hiriz Hirin 2024ko irailaren 19an izango dauen hitzordua lan barriaz zuzenean eta areto batean gozetako lehenengo aukeretako bat izango da. Amerikan izan dauen arrakastearen isla da Mexikoko musikearen esparruko hiru izar honeen abesti barrietan izandako erantzun bikaina: Ximena Sariñana, Carla Morrison eta Melissa Robles, izan be, azken horregaz batera sortutako Morrita Linda kantua Mexikori eskainitako maitasun autorpen sutsu eta aldebikoa da, musikariak adierazo dauenez. Sarreren prezioa: 25 € + gastuak (30 € txarteldegian).

Ivan Ferreiro


2024ko Hiriz Hiriren bigarren hitzordua izango da, segurutik, musikazaleek gehien ikusi nahiko dabena. Galiziarrak, gaztelaniaz egindako pop-rockaren egungo panoramako erreferente eta eragile handia danak BBK Aretoan joko dau zemendiaren 1ean, barikluan. Igaz kaleratu eban Trinchera Pop diskoaren birearen barruan izango da eta bere ohiko bandea izango dau lagun oholtzan: Pablo Novoa (tekladuak), Xabier Molero (bateria), Emilio Saiz (gitarra), Ricky Falkner produktore ospetsua (baxua) eta bere anaia eta musika proiektu ugaritan lankide izandako Amaro Ferreiro (gitarra). Sarreren prezioa: 30 € + gastuak (35 € txarteldegian).

Bala


Hiriz Hiri 2024 emakume bik zarratuko dabe zemendiaren 9an, barikuan: Bala bikoteak, hain zuzen be. Galiziatik etorriak Ferreiro bera bezela, Anxela Baltarrek (gitarra) eta Violeta Mosquerak (bateria) hamarkada bat daroe punk rocka ahots bitan kantetan eta munduan ibilitakoak dira: Erresuma Batua, Japonia, Australia, Estadu Batuak (2018an han egindako birea Stoned & Dusted jaialdi mitikotik igaro ziran) edo Kolonbia (Bogotan egiten dan Latinoamerikako aire zabaleko jaialdi handienean jo ebelarik: Rock al Parque). Gaur bertan, apirilak 26, plazaratuko dabe Besta izeneko laugarren diskoa. Duoaren 12 kantu barrien artean, Ana Curra ikonikoagaz edo Tanxugueiras galiziarrakaz egindako lankidetzeak topauko ditugu. Balak 2024ko Hiriz Hirin emongo dauen kontzerturako, eskaintza berezia atondu da, 13 euroan (+ gastuak) besterik ez, aurretiaz saldutako lehen 100 txarteletarako. Ondoren, sarrerak 15 euroan + gastuak (18 € txarteldegian) salduko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu