Athletic Cluben omenez sortutako lan grafikoak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2024-04-25 13:04   Kulturea

Dario Urzay artistearen Cathedral-Goal Keeping I eta Cathedral-Goal Keeping II (2024) obrak hain zuen be.

Dario Urzay. Erretratua: Erika Ede | Ikusi handiago | Argazki originala



Guggenheim Bilbao Museoak eta Dario Urzayk Cathedral-Goal Keeping I eta Cathedral-Goal Keeping II (2024) lan grafikoen edizino mugatua aurkeztu dabe, Bilboko artisteak Athletic Cluben omenez sortu dauena, 25. Errege Kopearen gomutagarri.

Obra-bikotea Shoot Strokes sailekoa da, talde bizkaitarra animetako sortutako neurri handiko argazki-irudiez osotutakoa, oraindino Guggenheim Bilbao Museoaren kanpoaldean, fatxadan instalauta dagozanak. Irudiotan, Darío Urzayk argazki-kameraz egindako brotxakadaz jaso ditu Bilboko argiak, uriaren historiaren ardatz izan diran itsasadarra eta Athleticen koloreak.

Itsadarrari begira dagozan Atrioko beira-hormek 500 metro baino gehiagoko gainazala dabe. Urzayren obrea, gabarrearen ospakizunetan irudi ikonikoa bilakatu zan. Atrioko lan ikusgarri horreek izan dira edizino honetarako aukeratutakoak. Irudi-bikotearen obra bakotxeko 100 ale egin ditu artisteak, guztiak sinatuak eta zenbakituak.

Artisteak adierazo dauanez, espresionismo abstraktuko keinu-pintore baten brotxearen mobimentua kamereagaz imitauta egindako argazkiak dira, eta horreetan erabilitako materia argia da. Halanda ze, pintoreak brotxakadearen ekintzea eraldatzen dau elementu mekanikoa bere eskuaren eta gainazalaren artean sartzean. Elementu hori ez dago artistearen ekintzearen menpean bakarrik, pintzelagaz gertatzen dan bezela, partzialki kontrolauezina edo bestelakoa dan teknologia baten menpean be badago, esaterako, argazki-kamerearen edo ordenagailuaren menpean.

Kontuak kontu, topaketa bat egingo da maiatzaren 9an: museoko arte-arduradun Lucía Agirrek aurkeztutako saio horretan, Dario Urzayk proiektua eta edizinoaren berezitasunak adierazoko ditu.

Obrea erosi nahi dabenek Museoko Denda-Liburudendan egin ahal izango dabe maiatzaren 3tik aurrera. Museoko lagunek, gaurtik aurrera erosi ahal izango dabe prezio murriztuan.

Ezaugarri teknikoak

  • Inpresinoa: Fine Art inprimaketa Photo Rag® Bright White papel gainean (Hahnemühle Cotton Smooth, 310 gr/m2).
  • Neurriak: 84,1 x 118,9 cm.
  • Inpresino-eremua: 53 x 100 cm.
  • Edizio mugatua: obra bikotea, 100 ale obra bakotxeko, artistak zenbakituak eta sinatuak, 5 A.P., 1 I.P. eta 1 H.C.
  • Prezioa: Museoaren Lagunak: 2.000 €; Gainontzekoek: 2.500€.

Cathedral-Goal Keeping II (2024).

Cathedral-Goal Keeping I.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu