Basque Culinary Center-ek udan gastronomiaz gozetako eskaintza zabala aurkeztu dau
2024-04-25 10:28 Jan edanakBagilaren 24tik garagarrilaren 18ra.
Profesionalek, ikasteko gogoz dagozanak, gazteek eta umeek programazino ederra izango dabe gastronomiaren munduan sartu eta kozinetan ikasteko edota euren gaitasun eta ezagutzak hobetzeko, bagilean eta garagarrilean zehar.
Basque Culinary Center-ek trebakuntza-jarduerak egiteko denporaldi luzea atondu dau aurtengo udarako, bai gastronomiaren zale amorratuentzat, bai profesionalentzat be eta hor sartzen dira, besteak beste, gazte eta zaleentzako ikastaroak, profesionalentzako trebakuntza eta lantegiak eta etxeko txikientzako udalekuak. Gastronomia edade eta profil guztietako personei hurreratzeko udako programa hori bagilaren 24tik garagarrilaren 18ra egingo da, Gastronomia Zientzien Fakultadean bertan.
Ume eta gazteentzako udaleku gastronomikoak
Aurten be, 9 eta 13 urte bitarteko umeek Txikichef udaleku gastronomikoez gozetako aukerea izango dabe garagarrilaren 1etik 6ra. Basque Culinary Center-eko ikasgela profesionaletan egingo da goizez, kozinetan ikasteko edo hobetzeko eta, gero, eskoletan guztia jateko.
Bestalde, 14 eta 17 urte bitarteko chef gazteek Basque Culinary Center-eko irakasle profesionalen eskolak jasoko ditue, sukaldaritzearen balio, sekretu eta oinarriak jasoteko; hori guztia, chef gazteentzako programa berezian. Gainera, beren irudimena askatu ahal izango dabe, parekorik bako platerak sortzeko eta taldean lan egiten ikasteko. Ikastaro hau astelehenetik zapatura egingo da, garagarrilaren 8tik 13ra (10:00etatik 15:00etara). Duda barik, aukera parebakoa izango da gazteen artean gastronomia maitatu deien.
Helduentzako ikastaro trinkoak
Basque Culinary Center-eko chef profesionalek zuzenduko dabe Bculinary Club gastronomiaren zaleentzako esparruak emongo dauen prestakuntza-eskaintza zabala eta ikastaroak egun bat eta bost egun bitartekoak izango dira. Aitatzeko modukoa da udako sukaldaritza-ikastaro trinkoa, zaleek aukerea izango baitabe bost egunez, garagarrilaren 8tik 12ra, sukaldaritzearen oinarriak ikasteko eta zenbait errezeta preparetako. Era berean, zenbait sukaldaritza-teknika eta modako jokerak ikasiko ditue eta tokiko eta kalidade oneko produktuak identifikau eta erabilten be ikasiko dabe.
Kontuak kontu, paella-lantegia, garagarrilaren 4an egingo da, hiru ordu eta erdiko saio bat izango da eta interesatuek Valentziako Erkidegoko plater tradizional hori kozinetan ikasiko dabe.
Profesionalentzako lategiei jagokenez, 3 eta 15 egun bitarteko prestakuntza praktikoak izango dira eta bestelako gai zehatzak landuko dira, besteak beste, euskal sukaldaritzea, nazinoartekoa edota txarkuteria ingurukoak, eta alor bakotxeko irakasle adituak izango dira irakasleak. Gehienez be 18 lagunez osotuko dira taldeak eta ikastaroaren amaieran ziurtagiri bat emongo jake parte-hartzaileei (garagarrilaren 8tik 12ra, 9:00etatik 14:00etara).
Basque Culinary Center erakunde akademiko aitzindaria eta erreferentea da mundu guztiko gastronomian. Gainera, prestakuntzan eskarmentu handiko irakasle adituak ditu.
Aurtengo udako prestakuntza-eskaintza guztiari buruzko informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!