'Postdatarik gabeko gutunak' obrea Bilbon

Bizkaie! 2024-04-24 09:59   Kulturea

Xake Produkzinoak konpainiaren laugarren lana estreinauko da BBK Aretoan.

Datorren domekan, apirilak 28, BBK Salak Postdatarik gabeko gutunak estreinauko dau Bilbon, Xake Produkzinoak konpainia tolosarraren produkzino barriena. Mikelek (Kepa Errastik antzeztua) kartzelan emon ditu azken bost urteak. Han arrotz baten eskutitzak jaso ditu: danak, postdata hutsagaz. Espetxean emondako azken orduan, azken gutuna irakurtera doa, bere bizitza erabat aldatu baino lehen askatasuna berreskuratuz. Charlotez (Nerea Ariznabarreta) jantzitako piano-jotzaile mutu misteriotsu baten laguntzeagaz, Mikelek bere bizitzearen errepasoa egingo dau, jasotako gutunak gogoratuz, bialtzaile misteriotsua nor dan jakin arte. Errastik berak idatzia eta
Getari Etxegaraik zuzendua, euskerazko lan hau denpora errealean egiten da, etenik eta saltorik barik, protagonistearen azken ordu hori osorik erakutsiz.

Errastik lagundutako bakarrizketatzat joten dau obrea, persona bakar batek berba egiten badau be, ez baita benetan bakarrizketea: piano-jotzaile horregazko alkarrekintza etenik bakoa da, nahiz eta pianisteak berba bakar bat be ez esan. Postdatarik gabeko gutunak saioak emozinoa eta umorea nahasten ditu, norbere buruagaz gustura egoteari buruz hausnartzeko. Kartzelea bakardadeaz berba egiteko atxakia baino ez da, eta inor bakardadera zelan ohitu daitekeen hausnartzeko; erabateko aldaketa bati, edota bizimodu barri bati aurre egiterakoan sortzen diran bildurrei buruz berba egiteko atxakia, aldaketa horreek bizimodu hobea ekarriko badabe be, laburbatu dau Errastik. Batzuetan besteen begiradeari geure begiradeari baino garrantzi handiagoa emoten deutsagu nabarmendu dau.

Gidoia Errastirena bada be, Mikelen personaiak jasoten dituan gutunak Iñigo Legorburu idazle eta poeta gipuzkoarrak eginak dira: aurre egin behar izan deutsadan lanik gatxena bihurtu dan testua sortu dabe biek, dino Errastik. Espazio itxi bakar batean eta personaia bakar bategaz egiten dan muntaia danez, aparteko lan bat behar izan dau istorioaren ibilbidea laua barik bizia izateko, eta horretan lagundu
dabe bai aitatutako Etxegarairen zuzendaritzeak eta ekintzeagaz batera doan musikeak. Mami Lebrun edo Lur lako lanen erantzun bikainaren ondoren, Postdatarik gabeko gutunak Xake Produkzinoak konpainia gaztearen laugarren lana da, denpora gitxian bere zigilu bereizgarria
sortzen jakin dauena, beti umorez, gai sakon eta filosofiko samarrak jorratzeko.

Kontuak kontu, domeka honetan BBK Aretoan izango dan obrea ikusten joateko sarrerak salgai dagoz webgunean eta Bilboko Kale Nagusiko leihatilan, 12 euroan (azken prezioa).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu