Senegalgo egoerea ardatz

Bizkaie! 2024-04-23 13:48   Kulturea

Bihar, hilak 24, Bidebarrieta Kulturgunean.

Bihar, eguaztena, hilak 24, Bidebarrietako Kulturguneak beste hitzordu bat hartuko dau, Senegalen bizi dan errealidadean oinarritutako Gaurkotasunarekin topaketak hain zuzen be.

Topaketea, 19:00retan hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian. Dani Alvarez eta Mikel Reparaz EITB taldeko kazetariek moderauta, Mbaye Gil ekintzaile senegaldarrak eta Oskar Epelde kazetari eta EITBko korresponsalak hartuko dabe parte.

Senegaldarrak dira Sahara hegoaldeko migratzaileen Bilboko talde nagusia. Askok martiaren 24ko hauteskundeetan parte hartu ahal izan eben indarkeria eta istiluz josita egindako hauteskundetan. Bassirou Diomaye Faye presidente hautatu barriak aliantzak iragarri ditu eta Frantziako metropoli zaharretik urrundu da, Sahel eskualdean zabaltzen dan jokerea sendotuz.

Topaketan, ondoko galderak erantzuten saiatuko dira: Zein da Senegalen etorkizuna? Ezegonkortasun politikoak Europara gehiago emigretera eroango al ditu senegaldar? Zelan bizi dau hori guztia Bilboko senegaldar komunidadeak?

Parte-hartzaileak

Mbaye Gil Sunu Gaal-en (Gure patera wolof hizkuntzan, Senegalgo hizkuntza nagusia) sortzaileetako bat eta presidentea da, senegaldarra, Euskal semetzat hartua eta gazte zala bizimodua pateran jokatu behar izan eban Estaduan sartzeko. GKE horrek hezkuntzea eta osasun arloko lankidetza-proiektua jorratzen dau Senegalen, Jaxaay inguruan. Gil erizaina da eta Osakidetzan egiten dau lan.

Oskar Epeldek 20 urte baino gehiago daroaz Afrikan korresponsal lanetan. Gaur egun, EITBko korresponsala da.

Sartzea doban izango da eta bertaratzerik ez balego streaming bidez jarraitzeko aukerea izango da hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu