'Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan?' ikastaroa eskainiko dabe

Bizkaie! 2024-04-23 12:30   Bertsolaritzea

EHUko Uda Ikastaroetan, Bertsozale Alkarteak bideratua.

Betiko lez, bertsolaritzeari loturiko ikastaroa eskainiko dabe EHUko Uda Ikastaroetan Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan? izenburupean. Euskal Herriko Bertsozale Alkartetik bideratu da ikastaroa, eta garagarrilaren 4an eta 5ean eskainiko da Donostian, Miramar Jauregian.

Bat-bateko bertsogintzea garaikidearen sorkuntza mailako kezkei buruz hausnartzeko eta gogoetak partekatzeko gune izango da. Horreezaz gan, botere harremanak bertsolaritzean eta gai libreko bertsogintzearen gakoak adierazoko dira. Ganera, edukizko lanketeari buruzko hainbat argibide plazarauko ditue bertan.

Berbaldiak eta mahai-ingurua

Hainbat berbaldi eta mahai-inguru bat eskainiko ditue egun bietan. Saioa Alkaiza izango da lehenengo eguneko aurreneko hizlaria, Diskurtso guztiak errespetagarriak dira? berbaldiagaz. Segidan gaiak kantatzerakoan dogun zilegitasunari buruz ibiliko da Maider Arregi, eta botere harremanei buruz jarraituko dau Onintza Enbeitak. Oihana Arana izango da eguneko azken hizlaria, eta bertsolaritzea ideologikoki lerraturik ote dagoan hausnarketa eroango dau mahai gainera. Ganera, lau hizlariek mahai-ingurua osotuko dabe, egungo bertsogintzako diskurso, zilegitasun eta itzalei buruz.

Bigarren egunean beste hainbeste hizlari izango dira. Jexux Mari Irazu izango da lehenengoa eta libreko bertsogintzeari buruz berba egingo dau. Alaia Martin eta Imanol Artola izango dira hurrengoak, eta gai-jartzaile autoreari buruzko eretxia plazaratuko ditue. Aitor Bizkarrak eta Oihana Iguaranek berbaldi bana eskainiko dabe egoera sozio-ekonomikoari kantatzen ote jakon hausnartuz. Azkenik, Oihane Pereak eta Beñat Gaztelumendik Formatik haragoko lanketa bertso eskoletan; gaien eta ideologiaren lanketa hitzaldiak atonduko ditue, bakotxak bere talaiatik.

Matrikulea, edegita

Ikastaroan matrikulatzeko, www.uik.eus atariaren bidez egin daiteke. Hurrengoak dira prezioak: orokorra, 84 euro; jubiladuak, lanboak, ikertzaileak… 71 euro; 25 urte arteko gazteak, maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro (bestela, 59 euro).

Egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu