Sei kultura proiektu 'Bertatik Bertara' programan
2024-04-18 09:47 KultureaBilboko Udalak, Santander Creativa Fundazinoak eta Logroñoko Udaleko Kultura Unidadeak sustatzen dabe egitasmoa.
Santander, Bilbo eta Logroño, bertatik bertara kultur laguntzinorako deialdian parte hartu daben hamazazpi proiektuetatik, epaimahaiak sei hautatu ditu. Bi, La Reunión en Danza (RED) eta Orbitan 3 musika-jaialdia hain zuzen be, beste edizino batzuetan be izentau zituen. Barriak dira: Arquitecturas Migrantes, Hacia lo invisible, Vergeles armónicos. Canciones de oasis y clorofila eta Ciudades de Amor / Cities of Love.
Kalidadea, interesa, bideragarritasuna eta barrikuntzea izan dira epaimahaiak aintzat hartu dituan erispide nagusiak. Epaimahaiak balorau dau proiektuak hiru urietan egitea eta sorkuntza-sektoreen artean dagozan lan-sareak sortzen laguntzea, izan be, ekitaldiak atonduko ditue, hiru urietako kultura-profesionalak inplikauta.
Hori da, hain zuzen be, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Sailak, Santander Creativa Fundazinoak (FSC) eta Logroñoko Udaleko Kultura Unidadeak finantziautako laguntzino-boltsearen funtsa: hiru urietatik gitxienez bitan kultura-eragileen arteko lankidetzatik sortzen diran proposamenak babestea, loturak sortzeko eta kultura-eskaintzea aberasteko.
Ondoko honeek izan dira epaimahaiko kideak: Iñaki López de Aguileta, Bilboko Udaleko Kulturako zuzendaria; Justo Ezenarro Mugaguren, Bilboko Udaleko Kultur Programazinoko zuzendariordea; María Aránzazu Martín Egaña, Logroñoko Udaleko Kulturako zuzendari nagusia; Juan García Calvo, Logroñoko Udaleko Kultur Jardueren zuzendaria; Yolanda de Egoscozabal Martínez, Santanderreko Udaleko Kulturako zuzendari nagusia; eta Almudena Díaz Gutiérrez, FSCko zuzendaria.
Kontuan izan behar da proiektuen boltsarako 90.000 euroko aurrekontua bideratu dala guztira, hiru erakundeek hainbana jarriz. Halanda ze, ekimen bakotxak 15.000 euro jasoko ditu. Aurten, diziplina ugari jorratuko ditue proposamenek, esaterako, jantzea, musikea, arkitektura, botanikea eta zinemea.
Jantza garaikidearen inguruko topaketak, kontzertu ibiltariak, argazki-esplorazino saioak, ezintasuna daben personen inklusinoa mesedetzeko egonaldi artistikoak, artea eta botanikea buztartzen dituen tailerrak eta film laburrak dira Santanderren, Bilbon eta Logroñon Bertatik Bertara programeari esker egingo diran jarduerak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!