Eh, Mertxe! taldeak doinu indartsua jarri deutso Araba Euskarazen abestiari
2024-04-18 08:22 MusikeaMugaezin da kantuaren izena.
Ibai Landa da Araba Euskarazeko kantuari berbak jarri deutsozana, Ikastolako ikasle ohia da eta egun Oiongo San Bizente ikastolako irakaslea.
Abestiagaz, eta abestia oinarri hartuta osotu dogun jantza giroagaz, euskereak ez dauela mugarik adierazo nahi izan dogu, harresiak hausi genduzala, hemen euskerearen periferian; eta periferiatik erdigunera be eroaten dogula euskerea. Berbek azaltzen dabe ekitaldi honetarako Araba Euskarazek zabaldu gura dauen mezua: aniztasuna islatzen dau, holakoa baita Oiongo San Bizente Ikastolea: jatorri askotako kideak dituan komunidade bat, herri eta herrialde ugaritatik heldu eta guztiak ikastolan batzen diran kidez osotutako komunidadea. Bestetik, Arabako ikastolok bat egin dogula be esaten da abestian, danok alkarregaz hirugarren urtez jarraian atontzen dogun Araba Euskaraz baitogu aurtengoa.
Eh, Mertxe! rock taldeak jarri deutso doinua abestiari. Ibai Landa bera da taldeko kideetako bat eta besteak dira: Adrian Cabañas, Iosu Martinez eta Ivan Aranbarri, danak ikastoletako kide ohiak. Rock & Roll banda zitala da Eh, Mertxe!, indartsua, gitarra zorrotzakaz eta doinu melodikoakaz, golpe basatien erritmora jantzan eta oihu egiten bultzatzen gaituana. Agertokian indarra eta sinpatia transmitiduten dituen taldea da, 2015etik martxan dabilena.
Musika energiko eta jantzagarria proponidu deuskue Mugaezin abestiagaz; bideoklipean, barriz, San Bizente ikastolako komunidade guztia jarri dabe jantzan, izan be, auzolanean produzidutakoa da: ikasleek, irakasleek, gurasoek, San Bizente ikastolaren sortzaile eta lagunek parte hartu dabe. Lander Etxedonak zuzendu dau bideokliparen errealizazinoa eta Lander be ikastolako ikasle ohia da.
Kontuak kontu, 2024ko Araba Euskaraz datorren hilean, maiatzaren 18an, izango da Oionen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!