Kalean da Bertsolari aldizkariaren udabarriko alea

Bizkaie! 2024-04-17 10:16   Bertsolaritzea

Eskuratu alea hemen.

Emeki Emakume Alkarteko kideak (Maria Jesus Berrotaran, Miren Legorburu eta Tzane Carrillo). | Ikusi handiago | Argazki originala

Zaldieroaren umoreak emongo deusku ondoetorria, jarraian Josebe Blanco artzainagaz topo egiteko. Ttakun-Herren atalean berba eta pitz jarraitzen dabe Ane Zuazubiskarrek eta Haritz Mujikak, eta Oihane Pereak bertsoaldia aurkeztu dau Perlak atalean. Ganera, segian jaubetuko gara blogari taldea handitu egin dauela, izan be, hamar sinadura dagoz orain.

Idazmakinaz sekzinoan, Bittor Agirre Bitti bertsolariak, gomuta eta pasadizoak izango ditu berbagai. Horrezaz gan, XIX. mendean epaiketea eragin eben bertso bi aurkeztu deuskuez Ekaitz Santazilia NUPeko irakasleak eta Rikardo Urritzola ikerlariak.

Zoritxarrez, lagun bi agurtu ditue ale honetan; Alan Griffin musikari eta ikerlaria izan dabe hizpide Antxoka Agirrek eta Beñat Hach Embarekek; eta Nikolas Segurola fraile, artzain eta bertsolaria izan dau gogoan Xabier Euzkitzek.

Idoia Granizo bertsolariak Bertxhori ekimenaren gorabeherak kontauko deuskuz eta, ondoren, txapelketei begiradea emoteko tartea izango dogu: Bizkaikoa Igor Galarzaren eskutik, Nafarroakoa Alazne Untxaloren begiradatik, eta Taldekako Xilabarena Haize Lekuonaren ahotik.

Emeki Emakume Alkarteko kideek, orain 32 urte, lehenengo bertso saio parekidea atondu eben. Maria Jesus Berrotaran, Miren Legorburu eta Tzane Carrillo euren esperientziaren barri emoten egon dira, Iraitz Mateoren galderei erantzunez.

Latindar autoreen poemak gaur egungo bertsolaritzako eta pastoraletako moldeetara egokitu eta horri buruzko gogoetea egin dau Jone Makazagak.

Bertsoa eta krimena buztartzen dituan erreportajean, Martin Larralderen historia eta haren ingurukoen zenbait bertso dakartz Beñat Hach Embarekek.

Trinidad Urtasun bertsolariaren eta Perpetua Saragueta idazlearen historia kontauko dau Reyes Ilintxetak.

Horreezaz gan, nazinoartetik inuiten bat-bateko ahozko inprobisazinoa ekarri dabe: tordlut. Francesc Bailon antropologoak emon ditu adierazpenak. Amaitzeko, Ipar Polotik bueltea eta bertso ibilbidea egingo dabe Markinan, Josune Aramendigaz.

Eskuratu alea hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu