Euskalerriko Eskautak Gorka Deuna eta 65 urteak ospatzeko batuko dira Urkiolan
2024-04-16 08:58 KultureaApirilaren 21ean, Gure iragana ospatu, gure geroa eregi goiburupean, 3.000 lagunek parte hartuko dabe.
2024an eskaut mobimentuak 65 urte beteko ditu lurraldean. Ekitaldia Urkiolako inguru naturalean egingo da eta ardatz nagusia Euskalerriko Eskautak eta bertan parte hartzen daben eskaut taldeen historia ezagutzea izango da, baita 65 urteotan alkarlanean ibili diran talde guztiak ezagutzea be. Talde horreen guztien historiari eta ibilbideari keinu egiteko asmoz, egun berean argazki erakusketa bat egongo da eta hor taldeen iragana eta oraina eta, oro har, eskaut mobimentuarena ikusi ahal izango dira. Eguneko ekitaldiak goizeko 09:30ean hasiko dira. Informazino gehiago hemen.
Eskaut mobimentuaren sortzaileak, Robert Baden Powellek, Gorka Deuna aukeratu eben patroi, harek ezbeharrei aurre egiteko eban gaitasunagaitik, holan egin behar baiteutse aurre eskautek zailtasunei.
Aurten, Gorka Deuna ospatzeko aukerea izateaz gan, hartu-emonak sendotzeko, esperientziak konpartiduteko eta gizarteagaz dogun konpromisoari buruz hausnartzeko aukerea be izango da.
Eskultismoa
Mundua eraldatu nahi dauen mobimentua da, aisialdiko hezkuntzearen bidez, persona libre eta kritikoak eta gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa eregiteko konpromisoa daben personen heziketa integralean jarduteko. Mobimentu apartidistea da, irabazi asmorik bakoa eta boluntarioek osotua. Eskaut taldea aisialdiko hezkuntza jarduerak egiten dituan taldea da, metodo jakin bat, eskaut metodoari eutsiz egiteko estilo bategaz eta bere kristinau nortasunetik abiatuta. Eskauten hezkuntza proiektua 8 eta 19 urtera bitarteko gazteei zuzenduta dago.
Euskalerriko Eskautak alkarteak 65 urte baino gehiago daroaz federazino bezela eta gaur egun 40 talde ditu lurraldeko hainbat parrokia eta ikastetxetan, 3.000 gazte baino gehiago eta 500 begirale eta arduradun ingurugaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!