Harro Enkarterri: eskualdeko euskalduntze prozesuaren eragileei omenaldia Sodupen

Bizkaie! 2024-04-15 13:50   Kulturea

Apirilaren 20an, autortza xumea egingo jake.

1981ean, populazinoaren % 1'02, 2021an, barriz, % 31'58: hori da Eustat-ek Enkarterriko euskaldun kopuruari jagokonez emoten dauen datua: Bertan bizi garenok, jakina, badakigu dana ez dala hain idilikoa, erabilerearen datuak ez dirala poztekoak, sakabanatuta bizi garelako euskaldunok eta ez dagoala aukera asko gure artean batzeko, kopurua horretan agertzen dan jente gehiena hezkuntza-prozesu formalean euskaldundu dala eta gero…. Baina, oro har, gaur egun euskaldunok eta euskereak Enkarterrin ditugun zailtasunak eta arazoak Euskal Herriko eskualde askotan antzemondakoak dira, ez besterik.

Eta 1981an egoerea sano eskasa zan Bizkaiko beste edozein eskualdegaz alderatuta. Eta Historiari erreparauta, 1863 Louis-Lucien Bonaparte hizkuntzalari frantsesak euskereari buruzko lehenengo ikerketa zientifikoa argitaratzen dauenean, esaten dau bizkaierearen lurraldea Deba ibaitik Gallarraga errekaraino doala. Gallarraga errekea izen bereko mendian sortzen da eta Arabako Okondo aldera isurtzen dau, Sodupe, Gordexola, Aiala aldean, beraz kokatzen zan mendebaldeko euskerearen mugea; gaur egun, barriz, Karrantza ibaian kokatuko litzateke, 50 bat kilometro sartaldera. Hor bai, orain batuaz berba egitea da normalena eta hori be azpimarratu eta eskertu behar da gure hizkuntzearen batasun beharra ikusi ebenei.

Euskerea, beraz, Enkarterrin inklusibo eta integratzailea izan da azken berrogei urteotan; egun eskualdea hobeto txertatua dago bere betiko inguru sozio-instituzionalean: Bizkaia, Euskadi eta, holan nahi dogunontzat, Euskal Herri osoa.

Bada zer ospatu eta bada zer eskertu, eta nor omendu be bai eta horregaitik Enkarterriko AEKaren inguruan ibilitako zenbait personak pentsau genduan orain gitxi jubilau dan Lurdes Gauna Aduriz-i bere bizitza profesional osoa gau-eskoletan eta gero Enkarterriko eta Bizkaiko AEKan egin dauenari- omenaldia egin behar geuntsala, baina, berak esan euskun hobeto aztertuzeko eta orduantxe erabagi genduan omenaldia kolektiboa izan beharko leukela: lehenengo ikastolea eta gau eskola klandestinoak sortu ebenak, geroago ikastolak eta eskoletako B eta D ereduak sustatu zituen gurasoak, irakasle, ikasle eta laguntzaileak, euskaldundu garenak eta saiatu diranak... Portzierto, gehien-gehienak emakumeak, datua be inportantea da. Danok badugu zer ospatu, zabalik eta martxan dagoan prozesu honetako lehenengo 40 urtetako uztea ez dalako edozelakoa izan. Kontuak kontu, hori egingo dogu apirilaren 20an eguerdiko 13:00ean Sodupeko plazan, Gallarraga mendia bistan dogula, hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu