Iñaki Martinez de Lunak Manuel Lekuona saria jaso dau
2024-04-12 09:43 KultureaEuskerea bizibarritzeko egin dauen ekarpena autortu deutsee.
Eusko Ikaskuntzearen Manuel Lekuona Saria jaso dau Iñaki Martinez de Luna soziologo eta soziolinguista arabarrak, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean.
Bertan, Arabako diputadu nagusi Ramiro González, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkiza eta José Miguel de Barandiaran Fundazinoko lehendakari Abel Ariznabarreta izan dira. Ekitaldia, Edurne Begiristain kazetariak gidatu dau.
Ana Urkizak adierazo dauanez: Gaur egungo euskal soziolinguistikako eragile nagusietako bat da, teorialari eta ikertzaile bezela. Hizkuntzearen alorreko lider eta bultzatzailea. Ganera, erreferente bikaina da Euskal Herriaren aurrerapen sozial, zientifiko eta kulturalaren alde lanean gagozen guztiontzat.
Remigio Mendibururen eskultura jaso ondoren, Iñaki Martinez de Lunak bere esker ona adierazo dau. Gasteizen bizi izan eban haurtzaroa gogorarazo dau, gazteleraz berba egiten eban garaikoa, baita euskerea ikasi eban momentua be.
Arabako diputadu nagusiak, Ramiro Gonzálezek, Iñaki Martinez de Lunak Araban euskerea bizibarritzeko egin dauen ekarpena nabarmendu dau; izan be, 1980an %4 ziran euskerea ulertu eta erabiltzeko gai ziranak, eta gaur egun %50 baino gehiago dira. Sariduna euskaltzale amorratua dala adierazo dau diputaduak, eta errealidadeari buruzko ikuspegi zabal eta sakonagaz lan isil, apal eta etengabea egin dauela. Beti be, errespetuz eta positiboki.
Horrezaz gan, ondoko persona honeek izan ziran ekitaldian: Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria, Jone Berriozabal Erakundeekiko Harremanetarako diputadua eta Beatriz Artolazabal alkateordea.
Ekitaldia jantza-emanaldi bategaz amaitu dabe. Ganera, bertaratutakoei Iñaki Martinez de Luna jaunaren biografia eta bibliografia batzen dauen liburua emon deutsee.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!