Behotsik Orkestrearen 'Pasinoaren Indarra'

Bizkaie! 2024-04-12 08:05   Musikea

The Walk On Project alkartearen alde.

Behotsik orkestreak ongintzazko kontzertuak eskainiko ditu apirilean. Lehenengoa datorren apirilaren 13an, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Deustuko Salesianos ikastetxeko antzokian izango da, Behotsik orkestrako Zuzendari Titularra dan Sancho Almendralen gidaritzapean.

Kontzerturako sarrerak taquillawop.com webgunean salgai dagoz 10 euroan; batutako dirua The Walk On Project (WOP) Fundazinoaren jarduerak bultzatzeko erabiliko da, gaixotasun neurodegeneratiboakaz amaitzeko asmoa dabenak.

The Walk On Project (WOP) Fundazinoaren alde

2008ko udan Jontxu, 6 urteko mutila, estropezu egin eta hor etorri zan ezbeharra. Urte haretako urriaren 13an Mikel eta Mentxu, bere gurasoei, jakinarazo eutsen gaixotasun neurodegeneratibo larria zala; hor hasi zan familian gaixotasun horreen kontrako burrukea. Eta orduan hasi zan Mikel musikea sortzen eta abestien artean Walk On idatzi eban, bere semeari egindako promesa legez; abesti horretatik sortu zan The Walk On Project (WOP), Mikelen familiaren alderdi bat, erreferentziazko enpresa soziala bihurtu arte.

Gaur egun, WOP alkarteak hainbat jarduera jorratzen ditu profesionaltasunetik, ausardiatik eta bihotzetik abiatuta, gaixotasun neurodegeneratiboakaz amaitzeko asmoari eutsiz eta miloe 1 euro baino gehiago bideratu ditu gaixotasun horreen kontrako burrukarako.

Ongintzazko kontzertuetarako, Behotsik orkestreak pasinoaren indarra ondoen transmitiduten daben hiru konpositoreren obrak batzen dituan musika klasikoko programea atondu dau: Beethoven (1770-1827), Brahms (1833-1897) eta Bernstein (1918-1990).

Programa honek bidaia eskaintzen dau musikearen historian zehar, hiru konpositore honeen musikeagaz, Beethoven, Brahms eta Bernstein garai eta estilo askotako konpositoreak dira, baina musikearen energia eta indarra alkarbanatzen dabe, ongintzazko kontzertu honetarako ezin aproposagoa dana.

Behotsik Orkestrea

Behotsik Orkestra 2011ko udan sortu zan musikan denporea emoteko gazte talde baten desioan oinarritutako idearen ondorioz, baina, batez be, giro atsegin eta lasaian, musikaz nahiz konpainiaz gozetan dan bitartean ikasi eta hobetu ahal izateko helburua izanik. Idea honen emoitzea musikea bidelagun bihurtzea helburu nagusitzat daben 15 eta 30 urte bitarteko orkestra gaztea da.

Kontzertu askok ongintzazko izakerea dabe, alkartearen idealak eta balioak errespetetako, baita helburu nagusia Bilbo eta Bizkaiko bizitza kulturalaren garapena bultzatzeko be, musikea, gehienbta klasikoa, jenteari hurreratuz taldearen jardueren bidez.

Behotsik-ek musika klasikoari leporatzen jakozan estereotipoak hausten ditu, eta gero eta jente gehiago erakartea lortzen dau bere errepertorio barritzaile eta apurtzailearen bidez: filmen soinu-bandei eskainitako programak, rock sinfonikoa, umeentzako opera, baita rap eta hip-hop estiloko disko baten grabaketea Aneguria rap abeslariagaz batera.

Behotsik-en ezaugarrietako bat kudeaketa eredua da: erabagi guztiak asanbladan hartzen dira, musikari bat-boto bat printzipioan oinarrituta. Bertan erabagiten dira errepertorioak eta kontzertuak.

Taldeak igaz ospatu eban hamargarren urteurrena Behotsik: 10 urte, hamaika lagun ikuskizuna eskainiz ganezka egoan Euskalduna Jauregiko Auditorioan, oholtzan 250 persona baino gehiago batu zituan megaprodukzinoa.

2023ko abuztuan, nazinoarteko presentzia izan eban hautaketa-prozesu zorrotz eta lehiakor baten ondoren, Behotsik-ek Sancho Almendral izentau eban orkestrako Zuzendari Titular barri, alkartearen jarduerearen profesionalizazino-prozesuan beste urrats bat emonez.

Bigarren kontzertua apirilaren 27an

Behotsik Orkestreak bigarren kontzertua eskainiko dau Pasinoaren Indarra izeneko programa honegaz, InteRed Garapenerako GKEaren alde. Bigarren kontzertu hau apirilaren 27an, Bilboko Indautxuko Karmengo Gure Amaren eleizan izango da, arratsaldeko 20:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu