Euskerea ikasteko eta jakite mailea eta erabilerea indartzeko dirulaguntzen deialdia onartu dabe Getxon

Bizkaie! 2024-04-11 09:38   Euskerea berbagai

57.927 euro eskainiko ditue.

Getxoko Udalak euskerea ikasteko eta jakite mailea eta erabilera areagotzeko dirulaguntzen deialdia onartu dau, beste urte batez. Horretara 57.927 euro zuzendu ditu eta urtero legez, partidarik handiena ikaskuntzara bideratuko da, baliabide ekonomikoen arabera eta HABE-k emondako laguntzen osogarri legez.

Lehenengo arloan, Udalak helduek euskerea ikasteko 27.687 euro aurreikusi ditu; bigarrenean, 16.590 euro gazteen eta umeen (6tik 15 urtera bitartean jaiotakoak, biak barne) matrikulea ordaintzera laguntzeko, eta Udaleko eta erakunde autonomoetako langileek eta zinegotziek euskerea ikasteko beste 1.050 euro. Hiru kasu horreetarako eskaerak aurkezteko epea urriaren 13an amaituko da.

Era berean, 4.200 euro izango dira gidabaimena atarateko azterketea euskeraz egiten daben gazteentzat, eta barritasuna da azterketa teorikoa euskeraz egiten daben gazteek 200 euro jasoko dituela (orain arte 100 euro) baita motorrena edo ziklomotorrena egiten dabenek be.

Beste 1.050 euro izango dira alkarteetako aisialdiko begirale eta zuzendari agiria lortzeko euskeraz. Bestalde, 7.350 euro bideratuko dira, errotuluak, olanak, persianak, biniloak eta ibilgailu komertzialak euskeraz ipinteko.

Hiruren eskaerak aurkezteko epea zemendiaren 30ean amaituko da.

Diru-laguntza horreekaz batera, Udalak beste zerbitzu batzuei eutsiko deutse euskerearen erabilerea sustatzeko, tartean, itzulpen zerbitzua, aholkularitzea, ekitaldietarako aurkezle euskaldunen zerbitzua, eta merkatariei nahiz ostalariei doban eskainitako itzulpen eta maketazino zerbitzuak.

Beste alde batetik, datorren maiatzaren 29ra arte zabalik egongo da eskola-orduz kanpoko jardueretarako dirulaguntzetarako deialdira proiektuak aurkezteko epea: Udalak 42.000 euro onartu ditu.

Hizkuntza-murgiltze laburreko jarduerak laguntzeko 5.000 euro izango dira, berbarako barnetegiak edo eguneko urteerak, lehen arloan. Bigarrenak, 10.000 eurogaz, tarte luzean euskerearen erabilerea aktiboa jorratzen daben ekimenak bultzatuko ditu, esate baterako antzerkia, bertsoak edo berbodromoak. Hirugarren lerroa, 7.000 eurogaz, errefortzu klaseetarako izango da. Laugarren lerroak 15.000 euro zuzenduko ditu euskeraz lantzen dira ohiko jardueretara, horreen artean, robotikea, jantzak, sukaldaritzea, zirkoa, yoga futbola, saskibaloia, xakea... Eta bosgarrena, 5.000 euro, Euskerearen Eguna, euskal astea lako ekitaldiak atontzeko.

Euskal kulturea sustatzeko

Udalak 48.857 euro onartu ditu euskal kulturea sustatzeko jarduerak egiten dituen alkarte, erakunde edo enpresarentzat, euskeraz bizi nahi daben herritarrei horretarako aukerak bermatzeko, ESEP, Euskerea Sustatzeko Ekintza Plan Estrategikoak jasoten dauenaren arabera.

Lehenengo arloak 11.760 euro banatuko ditu euskerazko jarduerak atontzeko lokal baten gastuetan laguntzeko; bigarrenak 2.625 euro San Juan jaia atontzeko gastuak ordaintzeko; hirugarrenak 21.472 euro auzoetako Olentzeroak atontzeko sortzen diran gastuetan laguntzeko; laugarrenak 6.300 euro Korrika garatzeko; bosgarrenak 4.200 euro Euskal Herriko gazteei Getxo eta Getxon egiten dan kulturea ezagutzera emoteko, eta seigarrenak, 2.500 euro Getxoko gazteei Euskal Herria eta euskeraz egiten dan kultura ezagutzera emoteko.

Kontuak kontu, eskaerok aurkezteko epea datorren apirilaren 18an amaituko da baina hirugarren arlokoetarako epea urriaren 16a izango da azken eguna.

Eskaerak Administrazio Elektronikoko Bulegoaren bitartez aurkeztu beharko dira. Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu