Errobi taldeak jasoko dau Adarra Saria

Bizkaie! 2024-04-11 09:34   Musikea

Kontzerturako sarrerak gaur, apirilak 11, jarriko dira salgai hemen.

Errobi talde lapurtarrak jasoko dau 2024ko Adarra Saria, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak emoten daben hamaikagarrena; hain zuzen be, Amaia Ispizua musika sustatzaileak, Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazino eta Irudi zuzendariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika teknikariak osotutako Aholku Batzordeak.

Errobik (Anje Duhalde eta Mixel Ducau) bagilaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, 19:30ean Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko dau Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik, eta segidan kontzertua eskainiko dau Txomin Duhalde (bateria), Rèmi Gachis (gitarra) eta Iñigo Telletxea (baxua) musikariez lagunduta. Kontzerturako sarrerak gaur, apirilak 11, jarriko dira salgai hemen, 20 eurotan.

Batzordeak adierazo dauanez, Errobi taldea erabakigarria izan zan rock progresiboa eta psikodelia Euskal Musikan barneratzeko. 1973tik 1985era arte, Anje Duhalde eta Mixel Ducau buru zituan laukotea euskal musikearen abangoardian jarri zan, eta Euskal Herrian goraipamen gehien jasotako diskoetako bat produzidu eben: Ametsaren Bidea. Zubi bat eregi eben belaunaldien artean, eta horreen abesti asko gehitu dira herri ondarera.

Taldeak, ondoko hau adierazo dau: Esker onez eta ohore handiz hartzen dogu dauela mende erdi hasi eta hazi genduan lana edota uzta saritzen dauen autortza dotore hau. Milesker Donostia udalerriko Kultur sailari. Gora zuek, gora musikea eta gora geure euskerea!

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu eben Adarra Saria, euskal musikearen arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin dauen edo egiten ari dan artista bati, urtero, autortzea egiteko.

Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak, Joseba Tapiak eta Zea Mays taldeak jaso dabe Adarra Saria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu