Anje Duhalde: 'Hogei urteko sugarra joan zan, baita berrogei urtekoa be'
2024-03-18 09:39 BarriketanErrobi taldea sortu zanetik 50 urte pasau diran honetan, ospakizun kontzertu berezia iragarri dau Mixel Ducau eta Anje Duhalde bikoteak. Euskal Herriko rock-aren aintzindari izan ziranak barriro taularatuko dirala udabarrian, urteurren biribila aprobetxauta, ospakizun berezi bat egiteko.
Euskalduna Bilbao Jauregian izango da hitzordua, maiatzaren 4an, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker atondutako kontzertuan. Taldeak bere ibilbide osoko abesti ezagunak errepasauko ditu bertan, publikoa kantetan eta jantzan jarriz, ohikoak dituen gitarra eta ahotsez gan, primerako taldekideak oholtzan lagun dituelarik: Txomin Duhalde baterian, Rémi Gachis gitarran eta Iñigo Telletxea baxuan.
Kontzerturako sarrerak salgai dagoz dagoeneko hemen. Horrezaz gan, 35 euroan eskuratzeko aukerea izango da egunean bertan Euskaldunako leihatilan.
1.- Egun bakarrerako, baina barriro be Errobi eszenatokira bueltako da 50 urte pasau ostean. Zergaitik?
Zeuk adierazo dozun bezela, 50 urte bete diralako Errobi sortu genduanetik. Azkeneko denporaldi honetan, Mixelegaz alkartu naz, izan be, omenaldia egin nahi izan deutse Errobi taldeari, geugaz kontaktuan jarri barik, euren saltsan.
Ganera, omenaldi horri, Atzar Hadi (Xabi Pery) izentau deutse. Egoera horrek, suspertu gaitu azken finean, zeuk esaten dozun moduan esnau gaitu. Ondino be, holako gauzak egiteko moduan gagoz. Beraz, martxan hasi eta baita gauzatu be!
2.- Hainbeste urte ostean, zelan sentiduten zaree? Oholtzora buelteteko gogoz?
Bai, jakina. Denpora dexente daroat eszenatokira igon barik, gehiago Mixelegaz. Kontzertua eta bestelakoak preparetan hasita, konturatu gara lehengo automatiskoak be oindino hor dagozala. Hori bai, lehengo esentziak hor jarraitzen dau. Ganera, ezagutzen doguzan musikariakaz joko dogu; Txomin Duhalde, Remi Gachis eta Iñigo Telleria. Beraz, oso animauta gagoz.
3.- Abestiak gaurkotasuna transmitiduten dabe ondio be, guztiak entzuteko aukerea izango dogu? Horrezaz gan, barririk edo sorpresarik bai?
Doinu barririk ez dogu entzungo. Errobiren errepertorioan zentrauko gara eta hori nahikoa dala uste dogu. Hori bai, gauzatxo batzuk aldatu doguz instrumentuei jagokonez.
Zeuk adierazo dozun lez, urte asko pasau dira baina abestiek gaurkotasuna transmitiduten dabe; penea da, baina errealidadea holakoa da.
4.- Errobirena da euskaraz grabautako lehen diskoa, 1975. urtean hain zuzen be. Beraz, aintzindariak izan zinien bertako musikan eta euskeran. Holan sentiduten zarie egindako lanagaz?
Bai. Lehenengoak izan ginan ez dakit, seguru baten bat egoala aurretik. Baina geu izan ginan, suertez, aurrera egin genduanak. Ganera, garai onena izan zan horretarako; bai maila musikalean, baita letra eta mezu aldetik be.
Hasieratik, mixelegaz adostuta, lehentasuna emon neutson mezuari eta batez be, euskereari eta ahalik eta leku eta arlo gehienetara zabaltzeari.
5.- Gaur egun, zelan ikusten dozu euskal musikea?
Albotik [Barreak]. Talde asko dira, musika estilo ugari jorratzen dituenak. Egoerea, oso onuragarria da. Beraz, musikea ondo bizi da; inoiz baino gehiago egiten da eta kalidade oso handikoa. Ganera, neure eretxiz, sormenaren aldetik inoiz baino gauza gehiago entzuten eta ikusten gabiz.
Aldiz, musikea entzuteko edo kaleratzeko hedabideak ez dira behar bezelakoak, izan be, beste indar bat behar dabe danon partetik, musikari gazteek aukerea izan deien euren lanak argitaratzeko. Urrats batzuk egin dira esangura horretan, baina asko falta da.
6.- Taldeaz gan, mende erdi horretan musikan lanean jarraitu dozue, bakotxak bere esparruan. Proiekturik bai eskuartean?
Ez. Egia da, oso sartuta nagoala musika munduan eta beti dagoz egiteko gauzak, eta ikusiko dogu zer jazoten dan aurrerago. Hogei urteko sugarra joan zan, baita berrogei urtekoa be. Beraz, ikusiko dogu aurrerago.
7.- Bueltea, puntuala izango dala adierazo dozue. Arrakasta ikusita, aurreikusten dozue beste kontzertu batzuk emotea? Akaso, Errobiren 75. urteak ospatzera?
Ez dot uste hor egongo geranik, geure onerako be [Barreak]. Momentuz, maiatzaren 4ko kontzertua egingo dogu. Beste kontzertu batzuen aukerea be hor dago, baina aurrerago ikusiko da, izan be, ezin doguz holako gauzak aurreratu, izan be, guk geuk be ez dakigu zer pasauko dan.
8.- Jarraitzaileentzat mezurik bai?
Norentzat?
- Errobiren Jarraitzaileentzat.
Hor dago nere kezkea. Ba ahal dagoz oraindino Errobiren jarraitzailerik? Ikusiko dogu. Ez dakit zenbat sarrera saldu diran kontzerturako, baina ez da neure lehentasuna.
Ez dakit ze jarraitzaile mueta izango dogun; neuretzat, ideala izango litzateke lehengoak hor egotea, baita ondoren ezagutu deuskuenak be, jakina. Beti izaten da plazerra 70 urteko persona batek Errobiren kantu bat edo beste ezagutzea, baina 20 urteko gazte batek ezagutzea ez dakit hain naturala dan.
Ganoreagaz egingo dogu eta saiatuko gara, barriro be, barruan daukagun guztia emoten.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!