Anari: 'Libreago sentidu naz disko honetan'

Andoni Mugica Lopez 2024-04-15 07:53   Barriketan

Anari euskal musikearen ahots ospetsuenetakoa da, 1996. urtean Anari diskoa kaleratu ebanetik. Horren ostean, Habiak, Zebra, Irla Izan, Zure aurrekari penalak, Epilogo bat, Coupages#4 eta Orain diskoak kaleratu ditu.

Hogei urteko ibilbidean musikari askogaz kolaborau dau baina Mikel Txopeitia eta Xabier Olazabal musikariak beti izan ditu alboan. Horrezaz gan, Bidehuts zigiluaren sortzaileetako bat da.

Giza zarata da Anariren zazpigarren lana eta bere ohiko bandeagaz aurkezten dabil diskoa.

 

1.- Zazpi urte joan dira eta orain Giza Zarata diskoa kaleratu dozu, zelakoa izan da prozesua?

Prozesu osoa adierazoteko ordu eta erdi beharko neuke [Barreak]. Amaieratik hasita, orain aurkezpen kontzertu ederrak emoten gagoz eta jenteak diskoa oso ondo hartu dau, izan be, disko itzela da zuzenean jo eta entzuteko.

Hori bai, grabau genduanean ez zan izan han erraza eta gitxiagao aurretik, maketak egin nituanean, prozesua baino, anti-prozesua. Halanda be, ohiko prozesua izan da: hasikeran oso bakartia, ondoren interesgarria, baina aldi berean gogorra eta aurkeztean, gauza ikaragarri ederra.

2.- Hainbeste urte pasau ostean, zerk eroan zaitu diskoa kaleratzera?

Neure lan zikloak beti izaten dira luzeak. Horrezaz gan, uste dot askotan ahazten dogula tartean ez denpora moduko bat egon dala, pandemia hain zuzen be baina, 7 urte horreetan single bat egin neban; Vinu, cantares y amor izenekoa, baita liburu bi be, Gari eta Goroldiozko (2022) eta Demoliciones controladas (2023).

Lanean ibili naz. Halanda ze, beti hartzen dot lan batetik bestera denpora bat; beraz, neuretzat, ez da izan aparteko gauza bat.

3.- Habiak, Zebra, Irla Izan, Zure aurrekari penalak, Epilogo bat, Coupages#4 eta Orain, zer eskaintzen deusku Giza Zarata lanak?

Libreago sentidu naz; konposatzeko, produziduteko eta letrak egiterako orduan. Diskoa entzuten dauenak, gordintasun puntua sentidutea gura dot. Gero, bakotxak bere eretxiak eta gustuak daukaz, eta modu batean edo bestean helduko jako, jakina.

4.- Beraz, Anari libreagoa entzungo dogu?

Neuretzat bai, baina pertzepzino personala da. Aldaketak dagoz, agian ez dira han nabarmenak izango batzuentzat, baina idazteko eta konposatzeko orduan asko antzemon dodazala esango neuke.

5.- Hogei urteko ibilbidean musikari askogaz kolaborau dozu baina Mikel Txopeitia, Xabier Olazabal eta Karlos Osinaga musikariak beti izan ditu alboan. Asmoa bardin jarraitzea da?

Bai. Oraingoan, Karlos Osinagak ez dau parte hartuko, baina Mikel eta Xabier hemen dagoz. Zuzenekotan, horreek biak eta Mariano Hurtado (pianoa eta organoa), Ander Mujika (gitarra elektrikoa eta ahotsea), Xabier Etcheverry (arrabita eta ahotsa) izango dira. Banda bikaina da eta oso momentu onean gagoz.

Abesti barriak jotea erronkea izaten da beti, baina oso gustora gagoz alkarregaz. Abesti zaharrei jagokenez, batzutan kosta egiten da, izan be, barriakaz gagozenean beste ziklo batean sartuta gagoz, baina horrek be joko doguz.

6.- Zelan ikusten dozu euskal emakumeen egoerea musikearen munduan?

Danetik ikusten dot. Euskal emakumeen eszena potentea dago, gero eta gehiago. Beraz, kopuru aldetik, oso ondo ikusten dodaz. Neure garaian, askoz gitxiago gengozan, baita ni baino lehenago be.

Halanda be, esanguratsuenak edo oihartzun gehien gizonek jarraitzen dabe izaten. Ez gara kantidadeaz konformauko, oraindik gauza asko dagoz egiteko eta.

7.- Kontzertuen harian, aurkezpen birako azken kontzertuak dozuez asteburuan, hilaren 20an Iruñean eta 21ean Hendaian. Gogoz? Kontzertu gehiago emoteko asmorik?

Bai, azkenengo kontzertu biak emoteko prest gagoz. Donostian ekin geuntsan bireari eta hasieratik oso-oso gustora sentidu gara harrereagaz, izan be, jantzi dogu dagoeneko abesti barrien trajea. Disfrutetan gagoz.

Udan eten txiki bat egingo dogu, izan be, oporrak datoz eta bakotxak bere familiagaz nahi dau pasau denporea, normala dan moduan. Hori bai, udagoienean kontzertu ugari emotea espero dogu, beraz, egongo da Anari zuzenean ikusteko aukerea.

8.- Horren harian, kanpora joateko asmorik bai? Zea Mays taldea, besteak beste, Ipar Amerikatik dago birea egiten...

Horregaz arazo txiki bat daukat, abioiek bildurra emoten deustie [Barreak]. Hori bai, ederra izango zan, anekdotikoa. Baina ez da neure lehentasuna, oso gustora nago hemen.

Ondo dago urtetea, jakina, izango dogu aukerea Espainian zehar kontzertuak emoteko. Publiko ezbardinek, artista bezela, asko laguntzen dau, izan be, egunerokotasun horretatik urteteko gaitasuna emoten dau.

9.- Jarraitzaileentzat mezu berezirik?

Aitatu dodan bezela, neuretzat gozamen handia da disko barria kaleratzea, aretoak betetea eta jentea disfrutetan ikustea. Hori eskertzen deutsegu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu