‘Hitzak Lege’ erakusketa ibiltaria Donostian izango da maiatzaren 9ra arte
2024-04-09 13:51 KultureaEuskal historian garrantzia izan daben euskerazko testu juridikoak erakusten dira bertan.
Erakusketea ibiltaria Euskaltzaindiak atondu dau, Eusko Legebiltzarragaz, Nafarroako Parlamentuagaz, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusiakaz eta Euskal Herriko Unibersidadeagaz alkarlanean (Elhuyar plaza, 22 – Donostia).
Gure hizkuntzea orain mende askotatik egon da presente euskerearen lurraldeetan bizi ziran personen hartu-emon juridiko pribatuetan, baita lurralde horreetako instituzinoen jarduera administratiboan be. Hori argi ikusten da erakusketa honetan.
Aurkezpen ekitaldian izan dira Beronika Azpillaga UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Euskerearen eta Kulturearen arloko zuzendaria, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusiak erakundeko burua, Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria eta Gotzon Lobera legelaria eta erakusketearen koordinatzailea.
Erakusketearen helburu nagusia Euskadiko eta Nafarroako bost ganbera Legegileek eta Baionako Udalak gordeta dituen euskerazko testu juridiko esanguratsuak modu erakargarrian, ulergarrian eta interaktiboan erakustea da.
Erakusketan 24 panel dagoz, hiru ataletan banatuta: aldeen arteko hartu-emon juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak eta testu parajuridikoak. Gainera, panel alkarreragile bi, hiru panel argiztatu eta bitrina bi (jatorrizko dokumentuak erakusteko) egongo dira.
Gipuzkoari lotutako dokumentu esanguratsuen artean, honako honeek dagoz: hileta-ondorengo eleizkizunak (Bergarako Udalbatzaren 1783ko akta baten itzulpena); Españiaco uritar constitucionalen cartilla civilla (1820); Bergarako ituna (1839); Usurbilgo ordenantzak (1888); edo Gipuzkoako Batzar Nagusiak erakundeko dokumentuak (1979-2022).
Hitzak Lege daborduko izan da Gasteizen, Iruñean, Bilbon, Donostian eta Baionan (hain zuzen, Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan, Bizkaia, Gipuzkoako Batzar Nagusiak erakundeetan eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboen Baionako gunean) eta UPV/EHUren Carlos Santamaria Zentroan maiatzaren 9ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik barikura (Bisita-orduak: 08:30etik 20:00etara).
Erakutsiko diran testu bitxi batzuk:
- 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoan testu ezaguna (Urde Urdaondo e(ta) açia etondo). Esaldi horrek erakusten dau zelan jokatu behar zan oinordetzetan eta dohaintzetan.
- Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dabe.
- 1552. Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-hitza: testu elebiduna da, 1552. urtean Diego Zufiak eta Maria Migelek alkarri emondakoa, eskribau baten aurrean. Ezkongaiak euskaldun elebakarrak ziran, eskribaua, barriz, gaztelaniadun elebakarra (hori dala eta, lekuko elebidun baten laguntzea eskatu eban eskribauak).
- 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antxinako Erregimenetik datoz. Horreetan, estaduek —eleizak, nobleziak, hirugarren estaduak— eskaerak bideratzen deutseez erregeari.
- 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, hareen diputaduena eta Nazinoko Estadu Orokorrena da. Frantsesez eta euskaraz emona dago.
- 1790. Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komidadearen adierazpena. Agiri honetan Lapurdiko Batzordeak bere burua defendiduten dau Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean.
- 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Bizenta Antonia Mogel aitzindaria izan zan euskal literaturan: hitz lauz eta hitz neurtuz idatzi eban, baita itzulpenak egin be. Adibidez, Luis de Borbón kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martiaren 15eko gutun pastorala itzuli eban. Bizkaieraz egin eban itzulpena eta Bilbon inprimidu zan.
- 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituan.
- 1839. Bergarako ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskeraz idatzi zan.
- 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina.
- 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibersala, 1948.
- Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!