Nazinoarteko errugbia bueltan da

Bizkaie! 2024-04-09 12:16   Kirola

Bagilaren 22an, San Mamesen, Frantzia vs World XV partiduagaz.

Bilbao-Bizkaia nazinoarteko errugbiaren erdigune bihurtuko da Europa hegoaldean, barriz, datorren udean. 2024ko bagilaren 22an, Frantziako selekzinoak partida izango dau San Mamesen munduko World XV konbinatuaren kontra. Partida horrek hasierea emongo deutso Frantziaren udako bireari.  Ekitaldiak Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izango dau.

Juan Mari Aburtok adierazo dauenez: Kirol-ekitaldia Bilbon egitea, geuretzat, 2018ko Europako finala bertan egin genduanean bizi izandako grina barriz bizitea da, Europako errugbiko garrantzitsuenetakoa baita. Gertakari historikoa izan zan, eta erronka handi bat. Beste behin erakutsiko dogu geure profesionaltasun osoa, eta harro gagozela errugbiaren balio guztiekaz.

Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko dipudaduak, ondokoa adierazo dau: 2026ko errugbi-finalak lortu ondoren, eta 2018koen arrakasta ikusita, gogo biziz jaso dogu hurrengo finaletarako bideko partida bat hemen egingo dala, geure lurraldean, punta-puntako kirol-ekitaldia baita.

Frantziako selekzinoa hirugarrena da World Rugbyren munduko sailkapenean, bigarrena Sei Nazinoen azken txapelketan, eta aurten bleu jokalarien artean Top 14ko jokalari onenetako batzuk izango ditu, Bilbotik hego-hemisferiora joango diranak besteak beste Argentinako Pumen kontra jokatuko daben birarako.

Ian Foster da Munduko World XV konbinatuko gidaria, aurreko munduko txapelketara arte All Blacksen entrenatzaile izandakoa, eta haren laguntzaile lanetan izango da Patrice Collazo frantziarra, Montpellierreko entrenatzailea eta, horren aurretik, Top14ko beste talde batzuetakoa baita be, esaterako, La Rochelle, Toulon eta Brivekoa. Ohore izugarria da World XV taldean entrenatzeko deitu izana nabarmendu dau Fosterrek.

Sarrerak salgai dagoz dagoeneko hemen, 35 eurotik aurrera helduentzat eta 17,50 eurotik aurrera 14 urtetik beherakoentzat. 10 personatik gorako taldeek deskontuak izango ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu