‘Zinzindurrunkarratz’, 33. Nantesko Zinema Jaialdiko dokumental onena

Bizkaie! 2024-04-03 09:11   Zinemea

Arantxa Echevarriaren Chinas eta Jaione Cambordaren O Corno be ageri da palmaresean.

Euskal Herrian eta Espainiako lurraldean produzidutako lan onenak erakusten dituan 33. Festival du Cinéma Espagnol de Nantes jaialdia martiaren 22tik apirilaren 1era egin da. Oscar Alegriaren proiektua, Zinzindurrunkarratz, izentau dabe Film Dokumental Onena eta Arantxa Echeverria bilbotarraren Chinas lanak eskuratu dau Epaimahai Gaztearen Saria. Horrezaz gan, Jaione Camborda donostiarraren O Corno filmak be, Epaimahaiaren Aitamen Bereazia jaso dau.

Jaialdia, Pilar Martínez-Vasseurrek aurkeztu eta ondokoa nabarmendu eban: emakumeek zuzendutako lanak nagusitu dira; bertan, sexualidadea, heziketa patriarkala, istorio autobiografikoak eta soziologikoak landu dira.

Lanen artean, euskal fikzinoko proiektu ugari izan dira, esaterako; Jaione Cambordaren O Corno; Arantxa Echevarriaren Chinas; Victor Iriarteren Sobre todo de noche; Estibaliz Urresolaren zinemagile laudioarraren 20.000 especies de abejas; eta, Itsaso Aranaren Las chicas están bien.

Dokumentalen atalari jagokonez, ondoko honeek erakutsi ditue; Oskar Alegriaren Zinzindurrunkarratz eta Upon Entry (Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vásquez). Film laburren atalean, barriz, bi izan dira erakutsitako euskal produkzinoak: El rey de la semana (David Perez Sañudo) eta To Bird or Not to Bird (Martin Romero).

Animazinoak tarte berezia izan dau aurten, izan be, Robot Dreams filmari esker, hainbat lan erakutsi ditue; Decorado, Unicorn Wars, Psiconautas, La mujer ilustrada (Isabel Herguera) eta Another Day of Life (Raul de la Fuente eta Damian Nenowe).

Fenetre Basque

Urtero lez, sail ofizialeko produkzinoez gan, euskal zinemagintzeak lehio propioa izan dau. Etxepare Euskal Institutuaren laguntzinoari esker, gaurko eta atzoko filmak buztartu ditue; Negu hurbilak (Negu Kolektiboa); Una vida no tan simple (Felix Viscarret); eta Arnasa betean (Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia).

Horregaz batera, 2023ko Kimuak bildumea be protagonista izan da ondoko filmakaz; El rey de la semana, La mujer ilustrada, Sorbeltza , Prioridades , El aprendiz, Deadly Draw / Sorteo Mortal eta Ximinoa.

Ganera, Victor Erice zinemagile karrantzarra omendu dabe, eta Cerrar los ojos lanaren harira programa berezia atondu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu