Denporaldiko azken alkarrizketatua Jon Martin izango da
2024-03-27 12:57 BertsolaritzeaMartiaren 30ekoa izango da urteko azken Hitzetik Hortzera.
Jon Martin bertsolari eta ikertzailea alkarrizketatuko dau Mirari Martiarenak. 80 urte beteko dira apirilean Xabier Lete abeslari, poeta, idazle eta bertsolari oiartzuarra jaio zala eta urteurren horregaz bat egin dau Jon Martinek argitaratu barri dauen liburuak: Xabier Lete: Bertsorik sakonena.
Umetatik entzun izan ditu etxean Xabier Leteren abestiak Jon Martinek eta psikodidaktika masterrean bihurtu jakon herrikidea ikergai. Bertsolaritzeagaz loturea daben Leteren 40 abesti aztertu eta horrexek dira liburuan ardatz.
Xabier Lete: Bertsorik sakonena liburuan Leteren umezaroa eta garaiko testuingurua be batu ditu Jon Martinek, Leteren obrea ulertzeko ezinbestekoak begitandu jakozalako; horretarako izan dau Arantxa Lete, Xabierren arrebearen laguntzea.
Bertsolaritzeagaz Xabier Letek zituan hartu-emonei buruz eta bertsolaritzeari egindako ekarpenari buruz be egingo dabe berba alkarrizketan. Eta programea amaitzeko Xabier Leteren Seaska kantua abestuko dau Jon Martinek, Endika Loiola musikariak lagunduta.
Bilbo eta Andoiango jaialdiak
Denporaldiko azken programan ez da bertsorik faltako Deustuko jaialdia eta Andoiangoek osotuko baitabe programea. Deustun jaietako saioan Aner Euzkitze, Oihana Bartra, Maialen Lujanbio eta Ander Anakabek kanta eben. Maite Berriozabal ibili zan gai-jartzaile.
Andoainen Sahararen aldeko bertso jaialdian, Maddi Etxeberriaren esanetara ibili ziran Amets Arzallus, Sustrai Colina, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Lierni Rekondo.
Gogoratu, Hitzetik Hortzera, zapatuan 21:00etan ETB1n.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!