Amorante, Bulego, Ezpalak, Izaro eta Zetak Euskerazko Disko Onenaren sarirako finalistak

Bizkaie! 2024-03-27 12:25   Musikea

MIN Sariak apirilaren 17an emongo ditue Zaragozan.

Adituen epaimahaiak Musika Independentearen MIN sarietako kategoria bakotxeko bost finalistak aukeratu ditu, izan be, Amorante, Bulego, Ezpalak, Izaro eta Zetak Euskerazko Disko Onenaren Etxepare Saria eskuratzeko lehiatuko dira. Sariak emoteko ekitaldia apirilaren 17an egingo da Zaragozan.

Amorante | Harri orri har

Amorante Iban Urizarren proiektua da. Artisteak berak herri musikatzat hartzen dau bere musikea, eta inprobisazinoagaz olgetan dau abestietan. Antxinako eta abangoardiako musikarako bidaia diran konposizinoak sortzen ditu, aldakortasuna eta esperimentazinoa nabarmenduz. Euskerazko instrumentu eta letren sonoridadeari emondako nahasketa apartak egiten ditu.

Bulego | Aldatu aurretik

Euskal musika panoramako pop taldea 2019ko urtarrilean sortu zan diziplina anitzeko proiektu legez. Taldeko kideak Tomas Lizarazu, Xabi Arrieta eta Ruben Lizarralde dira. Euskera hutseko pop jantzagarriari esker leku bat eskuratu dau euskal pop eszenan.

Aldatu aurretik Bulegoren estudioko iraupen luzeko bigarren lana da. Aldaketak ardatz dituan album kontzeptuala da: lanez aldatu, bikoteagaz amaitu edo barri bategaz hasi, leku barri batera mobidu edo, beste barik, denporan aurrera egin.

Ezpalak | Lagunekin zuzenean

Ezpalak 2019an sortu zan, Voltaia, Los Moths edo Grises taldeetako lau musikarigaz: Juanjo Berasain (ahotsa), Eñaut Gaztañaga (gitarra), Unai Eizagirre (baxua) eta Janardana Iglesias (bateria). Ezpalak azken urteotako euskal rock alternatiboaren erreferente bihurtu da. Hedabide handien eta ikusleen esker ona jaso dau eta bere indarra zuzenean erakutsi dau.

Lagunekin zuzenean lanak 2021etik 2023ra egindako zuzeneko grabazinoak eta kolaborazino bereziak batzen ditu.

Izaro | cerodeenero

Izaroren estudioko bosgarren lana da. Album kontzeptual honek barrura bidaia kontetan du, pop, folk, elektronika eta sustraiko musika kontrasteak berreskuratuz eta poesiak eta metaforak sortuz. Abeslariak bere alderik argitsuena erakusten dau, baita bere alderik basatiena be.

Zetak | Aaztiyen

Pello Reparaz Vendettako kide ohiaren Zetak proiektua musika elektronikoan oinarritzen da. Soinu-identidade propio baten bila, sintetizadoreakaz lan egiten dau, soinu eta konposizino barriakaz esperimentuak eginez.

Aaztiyen diskoak eszeptizismotik jorratzen ditu emozinoak eta tradizinoa. Emozinoak ez dira sortzetikoak, eta tradizinoa be ez da gizakiaren berezkoa. Lan hau bizi garen erregimen emozionalean barrena egindako bidaia da. Era berean, diskoak euskal soinu tradizionalak erabilten ditu, besteak beste, alboka, pandereta eta irrintziak, Zetak taldearenn soinu-nortasunari eutsiz. Euskal soinu-elementu tradizional horreek erabili eta desitxuratzen ditu lan honek.

Gainerako finalistak Akaleia, Esne Beltza, Ibil Bedi, Jai/egun, Kepa Junkera, Kuttune, Intza, Mugan, Nøgen eta Sara Azurza izan dira. Artista horreetako asko finalistak izan dira beste kategoria batzuetan be. Kategoria horreetan sartzen dira hainbat musika estilo (jazz disko onena, flamenko disko onena, rock disko onena...), hizkuntza (euskera, katalana, galiziera) eta beste batzuk (disko onena, bideoklip onena, abesti onena...).

Sari banaketa egunean euskal musikariak izango dira hainbat kategoriatan: Chica Sobresalto urteko abesti onenaren saria eta musika produkzino onenaren saria irabazteko lehiatuko da; Belako rock disko onenaren eta diseinu grafiko onenaren kategorian talde finalistetako bat da eta Benyart uri-musikako grabazino onenaren kategorian lehiatuko da.

MIN Sariak 2009an sortu ziran, estatu mailako sorkuntza artistikoa, kultura-aniztasuna, talentua eta musika-enpresa txiki eta ertainen produkzinoak ikusarazoteko, bai eta nazinoan eta nazinoartean musika independentea sustatzeko be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu