Milesker, Korrika!

Bizkaie! 2024-03-26 13:10   Euskerea berbagai

Ikastolen mobimentuak aurten lehenengoz hainbat hezkuntza eragilegaz konpartidu dogu Korrikaren Baionako kilometroa.

Aurtengo Korrikan, Seaskako Etxepare Lizeoko ikasleen eskariari segituz, Euskal Herri luze zabalean ikusi dogu Azterketak euskaraz aldarria. Euskerea lege babesik barik dogun lurralde honeetan, urte luzez ibili gara aldarri honi bide emoten; euskalgintzearen babesa hor sentidu dogu beti, baina, Korrikak egin omenaldiari esker, biderkatu egin dira atxikimendu mezuak eta herritarrek bere egin dabe gure errealidade gordinaren egia.

Mila esker bideetara Azterketak euskaraz aldarria eroan dozuen ikastola guztiei, gizarte eragile, talde eta herritar xume guziei. Azken kilometroetaraino, hezkuntza eragileakaz, gazteakaz, euskalgintzeagaz Baionako plaza erraldoitik mundura heldu da herri honen oihu ozena. Horreek keinu guztiek hunkitu egin gaitue, baita azkartu be. Mila esker, Korrika! Biba AEK!

Bagileko azterketen garaia hurreratzen dago eta Euskal Herriaren babesari esker beste urrats bat egiteko prestutasuna agertuko dogu, Brebetan ez daiten atzerakadarik izan eta Baxoan urratsak emon daiguzan.

Ondoko asteetan, inposaketeari parez pare begiratu eta desafietako, danen laguntzea beharko dogu gure alboan. Euskal Herrian hizkuntza eskubideak urratzen diranean, euskal komunidade osoari egiten deutse eraso; bardin da zein eremutan emoten dan urraketea, herri bezela erantzuten asmetan badogu, azkartzen gara eta hareek ahultzen.

Ikastolen mobimentuak aurten lehenengoz hainbat hezkuntza eragilegaz konpartidu dogu Korrikaren Baionako kilometroa. Espazioak edegi behar deutsaguz alkarlanari: domekan ospatzeko eta aldarrikatzeko batu ginan bezela, hezkuntzan pausoak aurrera emoteko be batu gaitezan. Alkarlana dogu oinarri, eta beronen bitartez orain arte legez euskerearen alde lanean eta hezkuntzea eraldatzeko urratsak egiten jarraitzeko asmo sendoa dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu