Jone Uria: 'Emakumeen kopurua ez da gurako geunkena'

Andoni Mugica Lopez 2024-04-02 08:00   Barriketan

Jone Uriak irabazi dau 2024ko Uribe Kostako Txapelketea. Martiaren 23an izan ziran azken kanporaketak eta finala, Algortako hainbat tokitan: Villamonte, Saniko eta Katea tabernetan eta Azebarri Kultur Alkartean hain zuzen be.

Lehenengo kanporetea, Jone Uriak irabazi eban; bigarrena, Kerman Diazek; eta azkena, Imanol Uriak. Beraz, hiru bertsolariak zuzenean pasau ziran finalera eta horrezaz gan, puntuen arabera, ondoko bertsolariak be izan ziran: Paule Loizaga, Oier Aizpurua eta Peru Vidal.

Buruz burukoa, Kerman Diazegaz jokatu Uria nagusitu zan.

2024ko Uribe Kostako txapeldunari alkarrizketa egin deutsagu, txapelketako gorabeherak jakiteko eta jakina, Bizkaiko Bertsolaritzearen egoeraz berba egiteko.

 

1.- 2024ko Uribe Kosta Eskualdeko Txapelketea irabazi dozu, Zorionak. Zelan sentiduten zara?

Eskerrik asko. Pozik egia esan, hori bai, txapelketako helburua ez da irabaztea. Pozik, eguna eta giroa aparta izan zalako, hori zan geure helburu nagusia.

2.- Zeure ibilbidea gogoan hartuta; Bizkaiko txapelketan 7 aldiz izan zara finalista (horreetako bitan bigarren); Uribe Kosta euskaldeko txapelketea bi aldiz irabazi dozu; Bertsolari Txapelta Nagusian 4 aldiz izan zara finalaurrekoetan; Abra Saria (2010) eta Xenpelar Saria irabazi dozuz... Bizitza osoa bertsotan zabiz. 

Ezbardinak dira benetako txapelketak eta irabazi barri dodana. Egia da azken urteetan Bizkaiko Txapelketan fin ibili nazela, izan be, buruz burukoan sartu naz.

Eskualdeko txapelketan be ondo ibili naz, izan be, egin diran edizinoak irabazi ditut. Baina, lehen aitatu dodan lez, ez dot uste hori danik txapelketearen helburu nagusia. Ez deutsat aparteko garrantziarik emongo eskualdeko txapelketeari neure palmaresean, baina harro nago irabazi izanaz [Barreka].

3.-  Anaia be bertan, Imanol Uria Albizuri, ganera, lehen kanporaketean zu baino puntu gehiagogaz. Nondik jatortzue bertsoareriko zaletazuna?

Etxetik. Gurasoak euskaldun barriak dira, 18 urtegaz hasi ziran euskerea ikasten. Gu jaio orduko, euren artean berba egiten eben. Ganera, bertsozaleak ziran, batez be, aita esango neuke, izan be, 90eko hamarkadetako finaletan egon ala ez, jarraitzen eban. Ama, barriz, orain bertsozaleagoa dala esango neuke, geu bertan gagozalako [Barreka]. Beti entzun dira bertsoak geure etxean.

Ganera, Algortan beti egon da bertsozaleetasun bikaina; beti ezagutu dogu Bertso-eskola aktibo bat. Emongo dau ezetz, baina Algorta eta bere inguru naturalak izan daitekez bertsorako aproposak eta geuretzat be holan izan da.

4.- Txapela, Unai Angulo bertsolari, bertso eragile eta ALBEkide historikoak jantzi eutson. Ez dakianarentzat nor da Unai?

Unai geure bertso eskolako beste aktibo nekatuezinetako bat da. Askotan, bertsolariok gara erreferenteak, bereziki txapelketetan ibilten garenok; baina, hor inguruan persona asko dagoz. Ez bakarrik langileak, baita zaleak be.

Unai, ALBEko militanteetako bat da, urte askotan aktibo ibilitakoa. Ganera, martitzenetan alkartzen ziran GEKO eskolan: bertso eskola estraofiziala zan, giro informalean egiten zana.

Batez be, berari buruz esango neuke edozertarako laguntzinoa eskaintzen dauala eta hori asko da. Ordua zan Unaik egindakoa autortzea. Halanda be, zorionez, ez da bakarra, asko dagoz laguntzeko prest.

5.- Bizkaiko txapelketan, Nerea Ibarzabal eta zeu izan zarie buruz buru orain urte biko txapelketan eta 2023koan be bai.  Bizkaia mailan, erreferente sentiduten zara?

Esango neuke baietz. Urte asko daroadaz finalean sartzen eta nahi barik, askotan erreferentziak bertatik hartzen doguz. Horrek ez dau esan nahi finaletatik kanpo ez dagozela kriston bertsolariak, baina askotan joerea hori da. Egia da, azken hamabi urteetan hor egon nazela, erraz esaten da [Barreka].

Segurutik gaur egungo Bizkaiko lau bost bertsolari artean egongo naz, gazteen artean beti be, izan be, garai bateko jarraitzaile bati Bizkaiko bertsolari onenak aitatzeko eskatu ezkero, ez dot uste neure izena botako dauenik. Baina bai, erreferente sentituden naz.

6-. Zelan ikusten dozu Bizkaiko Bertsolarien mailea? Belaunaldi barria gogoz datorrela esango zeunke?

Uste dot baietz. Egia da, gero eta urrunago ikusten dodazala gazteak, izan be, orain gagozenak zahartzen gagoz [Barreka].

Horrek ez dau esan nahi ez dodazala ezagutzen, izan be, geure Bertso Eskolan badagoz bertsolari gazte asko; esaterako, June Diaz Franco, Eskolarteko finalean egon dana. Baita Haizea Telleria be. Mundu txikia da eta alkar ezagutzen gara. Gero, badagoz hain gazteak ez diranak; besteak beste, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao. Azken aldian asko entzuten diran bertsolariak...

Ganera, azkenengo Eskolartekoan 8 finalista egon ziran, danak emakumeak. Beraz, azken boladan Bizkaiko bertsolari asko emakumeak dira eta pozik gagoz. Seinale ona izango zan, denporak aurrera egin ahala, jokerea hori izatea; maila ona egoteaz gan, emakumeak be egotea. Gogotsu datoz.

7.- Uribe Kosta Eskualdeko Txapelketeko finalaurrekotan, barriz, hamabi bertsolarietatik hiru emakume bakarrik, danok artistak, baina desorekea nabarmena da...

Bai, hori egia da. Uste dot beti pasetan jakun egoerea dala; zenbakiek pozteko arrazoiak emoten deuskuenean... Akaso, parte hartzeko momentuan bakotxak bere motibazinoa izaten dau edo erreparo gehiago emoten deusku. Aitatzekoa da, kasu horretan justu, Arrate Illaro eta Naroa Torralba bertsolariak, sailkauta egon arren, ezin izan ebela etorri.

Halanda be, emakumeen kopurua ez da gurako geunkena. Indarra horretan jarri behar dogu, ez bakarrik finaletan edo plazan, baita bertso eskoletan eta giro informaletan be. Gogoetak egiteko eta burrukatzeko gaia da.

8.- Matematikan doktorea eta irakasle EHUn. Bertsolaritzea eta ikasketak buztartzeko ekimena eroan dozu aurrera beti...

Bai. Momentu batzuetan biak buztartzea ez da izan erraza, izan be, biak dira oso exijenteak. Gustuko ditut biak eta segurutik horri esker izan naz gai ekimenari eusteko. Youtuben dagoz ikusgai.

9.- Etorkizunean non ikusten dozu zeure burua?

Gustura nago neure bizitzako puntu honetan egia esan. 

10.- Txapelketetan parte-hartzen jarraituko dozu?

Ez dakit. Orain arte ez ditut inoiz dudan jarri parte hartzeak; baina, azkenengo zikloaren ostean, buruari buelta batzuk emon deutsodaz.

Egia da, azken aldian txapelketek ez deustie kalte handirik egin eta beraz, alde hori kontuan izanik, jarraituko neueke Beste alde batetik, txapelketei zentzuna galtzen hasi naz.

Momentu honetan, jarraituko dodala esango neuke. Akaso, inertziazko baietza da eta ez ondo hausnartutakoa, baina ez dot aurreikusten hurrengo ziklora ez aurkeztea. Beti be, neure bizitzea ez bada asko aldatzen jakina, jazo daitekeen gauzea dala gogoan hartuta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu