'Mundu oso bat kabitzen da euskaran. Garenak eta izango diranak'
2024-03-25 07:50 Euskerea berbagaiGarazi Arrularen mezuak nabarmendu dau: Korrika da herri bat gose: euskeraz harro biziteko gosea.
Amaitu da 23. Korrika, eta dagoeneko badakigu zein dan Euskal Herri osotik eskuz esku pasau dan lekukoaren barruko mezu sekretuaren edukia. Aurtengo mezuaren egileak, Garazi Arrula Ruiz idazle eta itzultzaileak, ezagutarazo dau lekukoaren barrruan hamar egunetan egon dan testuaren edukia Baionako Herriko Etxearen parean; Irundik urten eta eta 11 egunetara.
Harro Herri
Garazi Arrularen mezu gogoangarriak azpimarratu dau Korrika da herri bat gose: euskeraz harro biziteko gosea; eta herri horrek ez dau euskerearen aurreko kontingentzia planik nahi, egiazko transizinoa baino. Era berean, Arrulak bere mezuan esaten dauenez, desirea transmisinorako bide behinena izanagaitik, ez dogu ahaztu behar hizkuntzearen auzia politikoa dala eta urgentziazkoa. Euskerearen komunidadea zabaltzeko gogoa be azpimarratu dau mezuaren egileak: Mundu oso bat kabitzen da euskaran. Garenak eta izango diranak, etorri diranak eta etorten dabizenak, dagoeneko bagarenak/badiranak.
AEKren mezua
Horren ondoren, AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kidea Bixente Claveriek eta AEK-ko Iparraldeko lehendakaria Maider Hegik, bota ditue AEKren izenean 23. Korrika amaitu ondorengo lehen berbak:
Gure lehen berbak ondoan ez ditugun AEKideentzat dira: Julio Aranguena Aristi eta Beñat Espil, euskerearen alde burrukan ibili zareelako, Goera Zuek!! Agur eta ondoetorri Baionara! Zuei eta milaka herritarri esker heldu gara honaino. Zuek zaree euskerearen herri garra! 11 egunez eta 10 gauez, ibili zareen ume, gazte eta heldu guztiei, AEK-ren esker beroak eta txaloak danentzat!
Irundik harro abiatu zan Korrika, eta eskuz esku, goxo eta sendo heldurik, lekukoak bidea egin dau Baionaraino, mezua orotara helarazoz, Euskal Herria batuz, milaka jentek kate horretan bat eginez!
Harro gara, Korrikak batzen gaitualako. Harro gara euskaldun izateaz, konplexu barik. Eta harro dinogu, euskeraz bizi nahi dogula. Harro gara... baina ez konforme! Garazik esan deusku: hizkuntzeak ekosistema osoa behar dau eta horretan danok dogu lekua, euskaldunek eta ikasi nahi dabenek, baita erdaldunek be, euskereari lekua itxita. Euskereak danak batzen gaitu, euskerea ez baita muga, ate bat da. Zenbakiek, urri, errealidade gordina salatzen deuskue. Jentea ikastera erakarri behar da, aukera eta laguntzea emon. Erronka handia dogu! Euskara ikasi nahi dutenentzat, bihar ere, gau eskolak zabalduko ditugu, euskerearen geroa konpartidu eta eregiteko. Helduen euskalduntzearen arloak baliabide eskasak ditu oraindino eta ikasleentzako dobakotasuna lortzekoa dogu lurralde guztian.
Euskerea ikasi nahi dauenak euskaldunok behar gaitu. Geu be, harro gaitezen, orotara helarazo behar dogu euskerea, eta argitan biziarazo. Hiztunok, ordua dogu itzaletik urten eta ekiteko, bazterretik erdira joateko eta berbea luzatzeko. Bakotxari jagoku ateak zabaltzea eta zabalarazotea, euskerearen lekua egitea, hartzea eta sortzea, gure etxeetan, lantokietan, plazetan, eremu publikoetan. Hau da gure herri-bidea eta ekosistemea bete behar dogu sendo.
Garazik inoan: gizartearen arlo danak busti beharko ditu hizkuntza politikeak”. Euskerea ezin da erabagi hutsa izan, ez apaingarri, ez ikur. Euskereak gizartearen gune guztietan egon behar dau eta instituzinoen hizkuntzea be izan behar dau. Instituzinoek ardura handia dabe: hizkuntz-politika ausarta eta sendoa behar dogu eta ez brilli-brillizko bilgarria: konpromiso gehiago eta baliabide gehiago behar ditugu, eta orain behar ditugu.
23. Korrikak azterketak euskaraz kolektiboa omendu dau, euskerea hareen aldarria dalako, Korrikarena bezela. Oraindino be, ikasleei azterketak euskeraz egiteko eskubidea ukatzen jake. Baxoa eta Brebeta euskeraz egiteko eskubidea aldarrikatzen segiduko dabe ikasleek: animo eta txalo beroak hareei, Euskerea ez da inposizino bat, eskubide bat da!
Pantxika Maitia kazetariak gidatu dau amaiera-ekitaldia; eta egun osoko azken jaian guztiz sartu aurretik, Bilaka dantza taldeak emon deutso amaierea ekitaldiari.
Kontuak kontu, 23. Korrika-ren balorazinoa gaur, martiak 25, egingo dau AEK-k, Baionako Askatasun plazan, aurtengo edizinoa amaitu dan lekuan bertan.
Eskerrik asko, Euskal Herria!
Gora Korrika eta biba euskerearen Herri Harroa!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!