Rafa Rueda: 'Rock melodikoa ez da arrotza guretzako'

Bizkaie! 2024-03-25 08:00   Barriketan

Hogei urteko isilunearen ondoren, PI L.T. taldea berpiztu eta Garai Honetan kantuagaz azaldu jakuz Rafa, Aitor, Xanpe eta David. Pozarren dagoz eta kontzertuak emoteko gogoz.

PI L.T. talde ospetsua, 1992an sortu zan Mungian eta 1995eko Euskadi Gazteako Maketa Lehiaketea irabazita, bost disko grabau ostean, taldeari agur esan eta Rafa Ruedak bakarkako ibilbideari eta produktore lanei ekin eta 20 urte aurrerago bueltau dira bizkaitarrak Garai Honetan single barriagaz. Betiko esentziari eutsiz eta jatorrizko kideakaz (Rafa, Aitor, Xanpe eta David) taldeak 2017an hartutako bidean jarraitu nahi dau.

Garai honetan kantua erakutsi deuskue oraintsu eta betiko estiloari eta 20 urteotan ikasitakoari eutsiz, tarte lasai eta gogorragoak buztartzen dituan kantua da.


1.- Hogei urte joan dira eta musikearen munduan ibili bazarie be, zein izan da motiboa Pi L.T. taldea barriro martxan jarteko?

Pandemiak bertan behera itxita kontzertu bat egin genduan, lokalean lanean, aprobak egiten eta ibili ostean. Polita izan zan jentearen erantzuna, geu be gustora geratu ginan eta segiduteko gogoari eutsi eta holan ekin geuntsan bideari. Batu eta joten, esperimetuak egiten, kantuak sortzen eta holan emon genduzan egunak, asteak eta geldiro-geldiro buru-belarri sartu ginan taldearen dinamikan; atzera edo aurrera egiteko erabagia hartu behar zala begitandu jakun eta buelta larregi barik, aurrera egitea pentsau genduan, lokalean batu, lagunartean disfrutau egiten genduan eta ganorazko zeozer egiteko momentua zala erabagi eta gaur egun hor gabiz. Ezelako presino barik, grabazinoak egiten, olgetan eta joandako abenduan hasi ginan serioago jokatzen, Berri Txarrak be geldi dagoala aprobetxuta, David Gonzalez erakarri eta ez egoan iges egiterik... Kantu barri hau grabau, barriak sortzen be bagabiz eta zuzenean joteko aukerak be sortu jakuz.

2.- Ez zarie sasoi haretako gazteak, guraso zarie... Zer esango zeunskie Pi L.T. ezagutzen ez daben 20 urteko gazteei?

Barriro gatozela eta ez galtzeko aukera hau [Barreka]. Entzun deiela kantua eta gozau deiela ala ez, bakotxaren gustoetan ez dagoalako sartzerik. Ez gara atzokoak, beteranoak gara eta urteotan guztiotan gure musikea aldatu ete dan ala ez galdereari erantzutea ez da erraza. Geure eretxiz lehengo gazteak izan ez arren, beste erantzukizun batzuk doguz orain, guraso be bagara baina sortzeko gogo eta musikea emozino eta pasinoz biziteko jarrera horretan ez dogu atzera egin, indartsu sentiduten gara.

3.- Aitor Abio, Jose Manuel Sampedro Xanpe, David Gonzalez eta zeu, orduko musikariak 20 urte aurreragro. Esperientzia sano baliogarria izaten da eta badakigu zelako ibilbidea egin dozun eta David Gonzalez be hor ibili da Berri Txarrak taldean. Zu zeu bakarka ibili zara, diskoak be publikau dozuz eta produkzino lanetan be ibili zara. Bakarka ala taldearen babesagaz hobeto?

Bakarka zabizenean, norberak hartu behar ditu erabagiak, produkzinoa, hartu-emonak eta bestelakoak; bakarka sortzeak erantzule izatea dakar eta hori ez da txarra, baina tartean ibili izan naz eta banabil sano aberasgarriak diran beste proiektu batzuetan, besteak beste, Anonyme Popular eta Zaharregia, txikiegia agian lanetan.

Ganerakoan, taldearen babesa ona da, erabagiak danon artean hartzen dira eta sortzearen arloan norberak ardura hori dauenean, lagun hurkoaren eretxiak errespetau eta baloraukeran beste bizitasun bat sentiduten dozu. 

Bakarka zein kolektiboan ibili, bietan batera ibiltea be ez da txarra, bateragarriak dira, aberasgarriak eta gorputzaldiaren arabera baten zein bestean ibiltea norberaren erabagia da; nire mesede egin deust taldean ibiltea eta danon jarrerea be badala esango neuke, danok be hor ibili gara beste zeregin batzuetan eta orain batzea inportantea izan dala pentsetan dot, beste bizitasun bat emon deuskula. 

4.- Garai honetan kantua entzunda igarri dogu zuon indarra eta beterania baina Pi L.T. klasikoagaz konparauta rockeroagoa begitandu jaku kantu barria. Zein da zure eretxia?

Akaso bai, rock melodikoa ez da arrotza guretzako baina ez dakit jenteak zer espero dauen. Guri Hil da Jainkoa kantuak markau euskun, estiloari jagokonez be talde metalero edo horren bueltan ebilen taldearen ikur edo taldearen ereserkitzat edo hartu daiteke baina bestelako erritmoak be txertatzen genduzan gure kantuetan baina badakit jente gazteak holakorik ez dauela ezagutu eta normala da ze hogei urteko batek ez dau ezagutu PILT zaharra eta egungoagaz bat egingo balebe gu pozik [Barreka]. 

Garai honetan kantuagaz egin gura izan dogu taldearen egungo jarrerea erakutsi, asmoa ez da izan estilo zehatz bat marketea. Holan etorri da, identifikauta sentidu gara eta pozik gagoz.

5.- ...Adimen artifizialaren txandan, itxurakeriaren diktadurapean, izan nahi eta garenaren arteko aldea nabarmentzen dan garai honetan... lakoak agiri dira kantuan. Berbak nork idatzi ditu?

Kantuaren berbak neuk idatzi dodaz taldekideen eretxiak gogoan hartuta eta horixe da taldearen funtzionamendua, hau da, danon ekarpenak balorau eta besteen eretxiak errespetetea.  

Ganerakoan, kantuaren berbetan agiri da orain gure atzekoei azaltzea toketan jakula egun bizi dogun egoerea, umeei edo gazteei azaltzea zeuk oraindino ezagutzen ez dozuzan gauzak..., 

6.- Produkzino lanak zeuk egingo zenduzan. Zer nabarmendu gura izan dozu, zeri emon deutsazu indarra?

Produkzino lana be danon artean egin dogu, Xanpe teknikaria profesionala da holako lanetan, estudioa dauka, bertan grabau dogu eta eretxiak eta produkzinoa danon artean egin doguz. Sintonia eta dinamika polita darabilgu eta bide horretatik segidu gura geunke. 

7.- Bideoa Aitor Guerrero-k zuzendu dau eta produkzinoaren ardurea, barriz, Hautsa gara-rena izan da. Idea, barriz, norena izan da?

Gure berbak aurrean zituala, zuzendariak berak proponidu euskun bideoa eta guri gustau jakun, inteligentzia artifizalaren bitartez sortutako irudiak be badagoz testuagaz bat datozenak eta mosaikoak be txertatu ditu gu musikariok kantetan edo joten gabizan bitartean, azaleratu dauen estetikeagaz be gustora geratu gara, aberastu egin dau kantua, lan txukuna.

Kantua sortu genduanean danon artean pentsau genduan onena Aitor Guerrero izango zala eta azartau edo asmau dogulakoan gagoz.

8.- Kantuaren azalean, ume bat agiri da eta lepoz... Nor da?

[Barreka]... Jentaurrean, nor dan esatea ez jat komenigarria iruditzen baina azalean agiri dan umea hatzamarrakaz behean dagoan ura ikututen agiri da, olatu batzuk edo sortzen dira eta kontetan dogunaren metaforea da; gaur egun taldekide danok doguz seme-alabak eta horrek persona moduan jarreratan, jokatzeko moduetan eta aldaketak ekarri deuskuz, lehentasunak eta aldatu egin jakuz, ahulago edo bihurtu gara, dana ez dago gure esku, hori dana islatu gura izan dogu aitatu deutsudan metafora subliminalean, ume batek lurra ukutu eta desestabilizetako indarra dauelako.     

9.- Zuzenekoei jagokenez, apirilaren 20an, Valentzian joko dozue 16 Toneladas ospetsuan, Lullaby eta El Agente Naranja taldeakaz batera eta zemendiaren 2an, Bermeoko Kafe Antzokian, Hallowen Metal Fest Jaialdian. Besterik?

Bai. Esan dozuzan horreetan eta beste batzuetan be bai: apirilaren 20an, Valentzain joko dogu 16 Toneladas ospetsuan; bagilaren 22an, Gasteizen, Azkena Rock Festivalean; garagarrilaren 12an, Madrilen Mad Cool Festivalean; eta zemendiaren 2an, Bermeoko Kafe Antzokian, Halloween Metal Festen.

Horrezaz gan, leitekeana da kontzertu gehiago joteko aukerea sortzea baina oraingoz ezin deutsut ezer aurreratuko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu