Noites De Fado, apirilaren 10an, 17an eta maiatzaren 2an

Bizkaie! 2024-03-21 09:32   Musikea

Carminho, Cristina Branco eta João Caetanok kantauko dabe aurten.

BBK Aretoan egingo diran kontzertuak apirilaren 10ean hasiko dira (Carminho), astebete geroago, 17an (Cristina Branco) eta maiatzaren 2an amaituko dira (Joâo Caetano) handiagaz.

Carminho


Lehen edizinotik hamabi urtera, BBK Aretoko Noites de Fado zikloa Bilbora bueltauko da apirilean eta maiatzean. Pandemiak Portugalgo genero tradizionalagaz euskal hitzorduaren ospakizuna urte batzuetan eten ebanez, hamargarren edizinoa izango da aurtengoa. Urteurren borobil honetarako, Noites de Fado 2024k fadoaren egungo panoraman oso nabarmenak diran hiru artista programau ditu, kartelean emakumeen presentzia bereziagaz: Carminho, Cristina Branco eta João Caetano. Hiru kontzertuetarako sarrerak salgai dagoz online BBK Aretoaren webgunean (25 euroan). Lokaleko leihatilan be erosi daitekez, eta kasu horretan prezioa 30 €-koa da.

Noites de Fado 2024ko Carminho izar portugaldarrak inaugurauko ditu apirilaren 10ean. Bere azken eta seigarren albumean, Portuguesa (2023), konpositore eta interpreteak produktore rola be hartu dau beregan, jatorrizko fado barriak sortuz, baina tradizinoagaz bat eginda. Artistearen nazinoarteko ospearen dimensinoa agirian geratu da aurten Pobres criaturas film oskardunean (lau sari) agerpenean. Istorioaren garapenean erabagigarria dan eszena indartsuan, Carminhok Emma Stonek gorpuztutako protagonistea harrapetan dau O quarto (fado Pagem) abestia interpretauta. Hain zuzen be, kantu horren jatorrizko bersinoa da bere azken diskoari hasierea emoten deutsona eta zuzenean aurkeztuko dau Bilbon kontzertu honetan.

Cristina Branco


Astebete geroago, apirilaren 17an, Cristina Brancok igongo dau BBK Aretoko agertokira. Nahiz eta 90eko hamarkadan Holandan musika ibilbidea hasi eta Frantzian eta Europako beste herrialde batzuetan be zaleen erantzun handia izan, XXI. mendearen hasierara arte ez zan portugaldar publikoak deskubriduten hasi. Branco behin betiko sendotu zan albumen trilogia ospetsu bategaz (2016 eta 2020 artean argitaratuak), fadoaren berrinterpretazino barritzailea egiteko ezohiko kolaborazinoak batu zituan. Mende lauren baino gehiagoko ibilbidearen ondoren eta hamabost disko baino gehiagogaz, orain BBK Aretora helduko da bere fado bilduma barriena aurkeztera: Mãe, 2023 amaieran kaleratua.

João Caetano


Gaur egungo fadoaren ikono bi honeen bisiten ondoren, Noites de Fado 2024 João Caetanoren zuzenekoak zarratuko dau maiatzaren 2an. Guraso portugaldarrak ditu, baina Txinan (Macao) jaio eta hazia, Ingalaterran jorratu dau bere musika-ibilbidea eta, nazinoarteko jatorri horreei esker, Portugalgo fadoaren eta musika tradizionalaren egungo barritzaile handi bihurtu da: ez nator Portugaletik eta ez dot fado-etxeetan ikasi, baina nire asmoa ez da fadoa desitxuratzea, nire nortasuna bertan sartzea baino, interpretetako beste modu bat sortuz. Orain arteko disko luze bakarrean, Rhythm & Fado izenekoan, fadoa eta jazza nahasten zituan (izan be, Incognito azid-jazz talde britainiar mitikoaren perkusionistea da), eta igaz fadoa eta flamenkoa buztartzen zituan ikuskizuna asmau eban. Bilbora Cada vez mais disko barria zuzenean aurkeztera helduko da, martian argitaratuko dana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu