'Algaraka' bakarrizketa lehiaketea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2024-03-21 08:58   Kulturea

Izena emoteko aukerea apirilaren 19ra arte egongo da edegita.

Euskal Herriko lehenengo bakarrizketa lehiaketea, Algaraka, maiatzean egingo da. Egitasmoaren atontzaileak, ondoko honeek dira; Jardun euskera alkartea eta Goiena Komunikazio Taldea; babesleak, Bergarako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia; eta laguntzaileak, UrretxuZumarraga eta Zumaia-ko udalak.

Lehenengo kanporaketea eta finala Bergaran egingo dira eta bigarren eta hirugarren saioak, Urretxun eta Zumaian. Guztira, lau saio izango dira.

Seminarixoan egindako ekitaldian hartu dabe parte Bergarako Udaleko Kultura zinegotzi Maite Usabiagak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Mari Jose Telleriak, Jardun euskera alkarteko Nerea Mendizabalek eta Goiena Komunikazio Taldeko presidente Monika Belastegik. Atontzaile zein babesle, gogotsu adierazo dira.

Halanda ze, Bergarako Jardun euskera alkarteko Nerea Mendizabalek adierazo dauanez, Euskal Herria bakarrizketagintzearen loraldian dago, eta loraldi horrek, hain zuzen be, bultzatu ditu lehiaketea antolatzera. Ideia Goiena Komunikazino Taldeagaz konpartidu, eta martxan jarteko erabagia hartu genduan alkarregaz. Jakina, erakunde publikoen babesa eta laguntzinioa ezinbestekoa zan, eta holan izan dogu; eskerrik asko Bergarako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari proiektuan sinistu eta babesteagaitik, baita Zumarraga,  Urretxu eta Zumaiako udalei be, laguntzinoagaitik.

Bergarako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek be hartu dabe parte ekitaldian. Maite Usabiagak, Bergarako Kultura zinegotziaren eretxiz, ekimenak badau helduleku oso interesgarri bat, euskerea eta kulturea bultzatzea, hain zuzen be. Sortzaile euskaldunei proiektuak jorratzeko aukerak eskaini behar deutseguz, etorkizuneko euskal erreferente izan daitezan, hain beharrezkoak diranak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Mari Jose Telleriak adierazo dauanez, euskarazko talentua eta kultura sustatzea helburu dauen ekimena da. Ganera, tokiko sortzaileen talentua ezagutarazoteko eta geure lurraldearen kultura-aberastasunari laguntzeko plataformea da.

Izena emoteko aukerea apirilaren 19ra arte egongo da edegita. Parte hartzeko, 2-3 minutuko bideo bat aurkeztu behar da ondoko helbidean: komunikazioa@algaraka.eus.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu