1937ko martiaren 31ko bonbardaketetako biktimei izen-abizenak jarri deutseguz

Bizkaie! 2024-03-20 09:00   Kulturea

Martiaren 31ko erasoetan hildakoak 213 izan ziran.

Hiru urtez ikertzen ibili ondoren, 1937ko Martiaren 31n, Durangoko bonbardaketetako biktimak identifiketea izan da helburu nagusia. 2021ean, Durangoko Udaleko memoria mahaian hobi komunetan lurperatutako 84 personak identifikau eta euren familiak bilatzeko lana egitea adostu eben.

Lanaren sustatzaileak Gerediaga Alkartea eta Durango 1936 Kultur Alkartea izan ziran, udalaren babesari eta Gogora Institutuaren dirulaguntzeari esker. Ikerketa lana egiteko, Jimi Jimenez historialari durangarra izentau genduan. Lehen ikerketa horren ostean, Durangoko bonbardaketan hildakoak aitatzen ziran zerrendak aztertu beharra ikusi genduaen, eta horretan ibili gara beste bi urte. Ikerlanerako oinarri Jon Irazabal historialariak 2001ean argitaratutako liburuan jasotako 334 biktimak izan dira. Liburuko zerrendeagaz batera, Eusko Jaurlaritzeak 1937an kaleratutako bonbardaketetako biktimen txostena be erabili dogu.

Bikotxa izan da lanaren helburua: batetik, 1937ko martiaren 31ko bonbardaketetako biktima kopuruaren barrikuspen zehatza egitea, eta bigarren euren identifikazinoa.

Ikerketa lan honetara heltzeko, Jon Irazabalen lana eta 2001ean argitaratutako liburua oinarrizkoak izan dira. Durangaldean gerra zibila ikertzen bera hasi zan 80ko hamarkadan eta bidea ez zan erreza izan. XX. Mende amaierara arte iraun eban isiltasuna eta berba egiteko bildurra traba handiak izan ziran.

Kontuak kontu, ikerketan zehaztu dan legez, biktima kopurua 213 izan da; horreen artean dagoz, oraindino, ezazagun jarraitzen daben 13 persona. Orain arte Durangoko bonbarbaketetako biktimatzat geunkazan zenbait ez dira egun horretako biktimak, nahiz eta batzuk gerrako biktima izaten jarraitzen daben. Aztertutako zerrendetatik 77 izan dira beste kausa baten ondorioz hil ziranak. 'Gerra egoerak eta unearen larritasunak Durangoko bonbardaketen biktima ez ziran hildakoak zenbatzea eragin ebala ondorioztatu dogu. Biktima askoren identifikazinoa txarto egin zan. Erregistroetan arakatuz, biktima askoren izen-abizenak zuzendu dira. Beste identifikazino batzuk be egin dira: 16 guztira. Eta errepetidutako biktimak be topau ditugu, arrazoiak arrazoi, birritan kontauta (54). «Abadiñoko bonbardaketan” hildako moduan erregistroetan agertzen diran 4lagun be identifikau ditugu. Horreek Durangoko bonbardaketako biktimatzat hartzea erabagi dogu, Durango erasoteko operazino militar berean izan zirala uste dogulako (kontuan izan behar da, Abadiño Durangoren herri mugakidea dala eta erasoak ekialdetik mendebaldera hasi zituela).

Durangoko bonbardaketetako biktima kopurua zehaztu eta gehienak identifikau arren, zerrenda edegia izango da beti. Ziurtasunez, ezin geinke esan bonbardaketetako biktima guztiak orduko zerrendetan jaso ziran edo ez.

Kontuak kontu, 1937ko martiaren 31n Durangoko bonbardaketetan hildako % 74 zibilak izan ziran, horietatik % 65 emakumeak, 16 urtetik beherakoak % 15 eta 60 urtetik gorakoak % 17. Beste % 26 Euzko Gudarosteko batailoietako gudariak ziran, eta 19 eleiztarrak (tartean Santa Susana komentuko 14 monja). Datu horreek erakusten dabe azpiegitura estrategikoak suntsitzeaz gan, populazino zibilaren kontrako erasoa izan zala, herritarrak bildurtzeko helburuagaz.

Azken buruan, berriro azpimarratu nahi dogu, barrikusitako biktimen zerrendea edegia dala ezin dogulako ziurtasun osoz esan, bonbardaketetako biktima guztiak erregistrau zirala. Gainera, oraindino 13 persona identifikau barik dagoz. Horrek biktimetan oinarritutako ikerketa lerroa zabalik ixten dau.

Horrezaz gan, Abadiñoko bonbardaketetan hildako lau persona identifikau dirala aintzat hartuta, 1937ko martiaren 31n, Abadiñon zer jazo zan aztertzea eta gerra garaiko azterketa sakonagoa egitea komenigarritzat joten dogu.

Ikerketa osoa Dokumentategian jaso daiteke hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu