Baionan amaituko da 23. Korrika jai giroan
2024-03-19 13:44 Euskerea berbagaiBaionako Askatasun plazan amaituko da 23. Korrika.
2.700 kilometroko ibilbidea egin ostean, hilaren 24an, Lapurdiko uriburu osoa zeharkatu ondoren, Santizpirita zubitik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera-ekitaldia bertan izango da, eta, segiduan, jai girorako ordua helduko jake bertaratutakoei.
Gaur, hilak 19, amaiera eguna aurkeztu dabe Korrikako atontzaileek, Baionako Patxa plazan. Bertan, deialdia egin dabe Euskal Herriko txoko guztietako jentea bertaratu daiten.
Ekitaldia Askatasun plazan izango da, herri-etxearen (udaletxearen) parean. Lekukoa 12:30erako helduko dala aurreikusita dago, azken kilometro nazionalak egin ostean. Une horretan jakingo dogu nor dan lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea, baita mezuaren edukia be. Ekitaldi nagusiaren aurkezlea Pantxika Maitia izango da, Kanaldude telebista-katearen arpegi ezaguna.
Bestalde, azken eguneko arduradun Ibai Capot Thornary-k adierazo dau kasik dana prest dagoala Baionako jairako eta ospakizunak egun osoan izango dirala. Jai handia atondu dabe auzolanean, Korrikak merezidu dauen modukoa; alkarlanean ibili dira, besteak beste, Baionako eta Ipar Euskal Herri osoko antolaketa-taldeak. Ganera, beste artista askoren artean, Ibil Bedi, Anje Duhalde, Patxaranga elektrotxarangea eta Pontx pailazoa izango dira.
Jean René Etchegaray Baionako alkateak, nabarmendu nahi izan dau edizino honetan bereziki, uri osoa egon dala buru-belarri egistasmoaren alde.
Amaitzeko, ohar garrantzitsu bi adierazo ditue atontzaileek: batetik, AEK-k berariazko protokoloa ezarri dauela martiaren 24a eraso sexista, arrazista eta homofoborik bako eguna izan daiten; bestetik, ahal dan neurrian, garraio publikoa erabilteko konbita egin dabe.
Egitaraua
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!