66. Zinebi Jaialdian parte hartzeko deialdia edegi dabe

Bizkaie! 2024-03-19 13:10   Zinemea

Garagarrilaren 15era arte egongo da izena-emoteko aukerea.

Zinebi – Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazinoarteko Jaialdiak, zinemagile, produktore eta banatzaileei zuzendutako urtero egiten dauen deialdia edegi dau. Aurten jaialdia zemendiaren 8tik 15era egingo da.

Sail ofizialean bi kategoria dagoz; Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketea, gehienez 30 minutuko iraupena daben fikzinoko, animazinoko eta dokumentaleko filmak onartzen ditu, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera produzidutakoak; eta, First Film Nazinoarteko Lehiaketea, 60 minututik gorako iraupena daben film luze opera prima, Estaduan estreinau ez diranak eta 2024an produzidu diranak.

Parte hartzeko, filmen ordezkariek izena emon beharko dabe Festhome plataformaren bidez hemen, garagarrilaren 15a baino lehen, film laburrentzat eta abuztuaren 31 baino lehen film luzeen kasuentzat.

Sariak

Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketean, ondoko sari honeek irabazteko aukerea izango dabe:

  • Zinebi Sari Nagusia (7.000 euro).
  • Euskal Zinemearen Sari Nagusia (6.000 euro).
  • Zine Espainiarraren Sari Nagusia (5.000 euro).
  • Fikzinoko Film Labur Onenearen Mikeldia (5.000 euro).
  • Animazinoko Film Labur Onenearen Mikeldia (5.000 euro).
  • Dokumental Labur Onenearen Mikeldia (5.000 euro).
  • EITB Publikoaren Saria (3.000 euro).

2023an ZINEBIk 114 herrialdetako 3.901 film labur jaso zituan, eta horreetatik 58 aukerau ziran.

First Film Nazinoarteko Lehiaketan parte hartzen daben opera prima film luzeek ZIFF Sari Nagusia (12.000 eurotakoa) eta UPV/EHU Gazte Epaimahaiaren Saria (2.000 eurotakoa) irabazteko aukerea izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu