David Ayerren ‘Heart of the Beast’ filmak lehiaz kanpo hartuko dau parte Sail Ofizialean
2026-09-24 08:38 ZinemeaBrad Pitt eta David Ayer Donostian izan dira bart.
Aktore estadubatuarra Donostia Zinemaldian izan da barriro eta bazterrak harrotu ditu.
Film honegaz 74. edizinoko Sail Ofiziala osotuta geratu da.
Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean David Ayerren Heart of the Beast filma, Paramount Picturesena, emon eben bart lehiaz kanpo, Brad Pitt eta Ayer bera bertan zirala. Abenturazko thriller honetan, aktore estadubatuarrak Armadako Indar Berezietako ofizial izandako bat hazurmamitzen dau. Protagonisteak bere aspaldiko gerra-txakurragaz batera, Alaskako natura basatan zehar bizirik iraun beharko dau hegazkin-istripu ikaragarri baten ondoren.
Kontuak kontu, 74. edizinoan, 17 film dagoz lehian, beste hiru lehiaz kanpo ikusi ahalko dira eta beste bost Emonaldi Berezi bezela emongo dira. Filma dala-eta, Pitt Donostiara bueltau da, 2009an Inglourious Basterds filman egindakoagaitik egindako bisitearen ondoren (Perlak sailean aurkeztu eban Quentin Tarantino zuzendariagaz batera).
Oscar sarietarako izentautako U-571 (Jonathan Mostow, 2000) eta Training Day (Antoine Fuqua, 2001) filmen gidoiak idatzi ondoren, David Ayer zuzendari, gidoigile eta produktore estadubatuarra (Champaign, Illinois, 1968) 2005ean hasi zan zuzendari-lanetan, eta 20 urte baino gehiago daroaz personajeetan oinarritutako thriller eta krimen-drama gordinak egiten; besteak beste, End of Watch (2012), Fury (2014) eta The Beekeeper (2024).
Cameron Alexanderrek idatzitako eta Ayerrek zuzendutako Heart of the Beast film luzeak Pitt eta zuzendaria barriro alkartu ditu. J.K. Simmons eta Anna Lambe aktoreek be parte hartu dabe eta Pittek filma produzidu dau Olivia Hamilton, Marty Bowen eta David Ayerregaz batera; Damien Chazelle produktore ejekutiboetako bat da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
